Beñat Obieta txapeldunorde geratu da Euskal Herriko lasto botatze txapelketan
Bestalde, giza proba txapelketaren 1. jardunaldian Eneko Bilbao kortezubitarrak egin du markarik onena.
Euskal Herriko Lasto Botatze Txapelketa jokatu zuten zapatuan [abenduak 11], Urdulizen. Jose Mari Bustintza Tubik jantzi zuen txapela, 12 kiloko fardoa 6,10 metrotara jaurti ondoren, eta Piratak Herri Kirol Taldeko Beñat Obieta arratzuarra txapeldunorde geratu zen, 5,50m-ko markagaz. Juan Carlos Lopez arabarrak osatu zuen podiuma (5,30m).
Bederatzi kirolariren artean erabaki zen txapelketa. Piratak Herri Kirol Taldeko Aitor Rodriguez zazpigarren sailkatu zen; fardoa 4,60m-ra bota zuen (Jon Loiola seigarrenak eta Bernardo Ureta Peña Urpe zortzigarrenak era marka bera lortu zuten).
Giza proba. Bestalde, Euskal Herriko giza proba txapelketaren 1. jardunaldia ere lehaitu zuten Urdulizen, eta Eneko Bilbao kortezubitarrak egin zuen markarik onena. Ordu erdian eta 800 kiloko harriagaz, 2 plaza, 1/4 zinta eta 1,22m egin zituen, eta Aitor de la Concepcionek, ostera, plaza 1, 1/4 zinta eta 5,58m.
Probaren iraupena dela eta, txapelketan arituko diren kirolariak bi taldetan banatuta daude. Zapatuan lehen taldekoak aritu ziren. Bi saioetan (abenduak 11 eta 18) marka onena lortzen duen kirolariak jantziko du 2021eko txapela.