Azken egunotan positiboek gora egin dute Busturialdean
Abenduaren 9tik 12ra, 80 positibo zenbatu dituzte eskualdean. Hala ere, eskualdeko 12 herritan ez da positiborik egon azken astean eta 7 herri daude eremu berdean.
Azken egunotan positiboen kopuruak gora egin du Busturialdean; abenduaren 9tik 12ra bitartean, 80 positibo zenbatu dituzte. Abenduaren 6tik 8ra, 39 positibo zenbatu zituzten.
Eskualdeko hogei herrietatik zortzitan egon dira kasu positiboak: 35 Gernika-Lumon, 29 Bermeon, launa Busturian eta Foruan, hiruna Mundakan eta Muxikan eta bana Arratzun eta Ean.
Aipatzekoa da, hala ere, Busturialdeko 12 herritan ez zela positiborik zenbatu joan den aste osoan: Ajangiz, Elantxobe, Ereño, Errigoiti, Gautegiz Arteaga, Ibarrangelu, Kortezubi, Mendata, Morga, Murueta, Nabarniz, Sukarrieta. Horietatik, baina, 5 udalerrik (Ajangiz, Ereño, Errigoiti, Morga, Murueta) eremu gorrian jarraitzen dute. 14 eguneko intzidentzia metatua kontuan hartzen dutelako daude aipatu udalerriak eremu gorrian.
Osasun sailetik jakitera eman dutenez, Bizkai, Araba eta Gipuzkoako ospitaleetan gehitu egin dira koronabirusagaz dauden pazienteak; 338 pertsona daude gela arruntetan ospitaleratuta eta 91 daude ZIUetan. Bizkai, Araba eta Gipuzkoako intzidentzia metatua 937,30 kasukoa da.
Gotzone Sagardui osasun sailburuak Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean esan du egoera “ez dela ona”, “etengabe hazten ari dela”, eta gaineratu du, “ez dagoela aurreikuspenik datozen egunetan hobera egingo duenik”.