Asier Alegria Bermeoko baserritarrak irabazi du 'Baserria' saioa
Ekainetik isilean izan du garaipena bermeotarrak. Tania Llanos Gasteizko kaletarragaz batera irabazi du bermeotarrak bigarren aldiz egin duten saioa. 6.000 euroko txekea irabazi dute.
Asier Alegria Bermeoko baserritarrak eta Tania Llanos Gasteizko kaletarrak osatutako bikoteak irabazi du bigarren aldiz egin duten Baserria saioa. Irabazleek 6.000 euroko txekea eta txapel bana jaso dituzte saritzat.
Ekainetik isilean izan du garaipena bermeotarrak, eta isilean eroatea “zaila” izan dela esan du: “Lagunak eta ezagunak askotan saiatu izan dira zer edo zer ateratzen, hainbatetan galdetu didate”.
“Pozik” dago garaipenagaz, eta etxekoei eskainitakoa dela esan du: “Baserriak ematen ez zuela-eta, garai batean baserritik kanpo lanera joaten ziren gehienak. Nik, baina, aitaren eta amaren lana jarraitu dut etxean bertan. Aitak laguntza behar zuen, baserriko lana ez delako erraza. Gurasoengandik ikasi dut, baita ere, aitona-amonengandik; baserrian indar handia daukate horiek ere. Horientzako guztientzako da garaipena”. Azaldu duenez, gauza bat da dirua, eta beste bat da momentu horretan sentitzen duzuna.
Esperientzia “gogorra” izan zela aipatu du Alegriak. Grabaketa lanak egiten egon ziren hamazazpi egunetan bost kilo galdu zituela esan du.
Baserritik bizi da Alegria. Ardiak eta behiak hazten ditu, haragitarako. Era berean, baratzean ondo moldatzen da eta makineriarekin ere abila da. Gainera, herri kiroletan ere aditua da; asto, zaldi eta idi probetan aritzen da, probalari modura. Hainbat sari ditu.
Datozen egunetan zabalduko du HITZAk Asier Alegriagaz egindako elkarrizketa.