Aitor Etxebarria: "Garfek eman didan aukeragatik ilusioagaz eta pozik nago"
Aurrelari nabarniztarrak 500 pilota zaleren aurrean, Santanape frontoian, debutatu du Garfe pelota enpresagaz. Irusta munitibartarragaz 22 eta 18 irabazi diete Titin III.ari eta Iturriagari.
Aitor Etxebarria nabarniztarrak garaipena lortuz debutatu du Garfe pilotagaz.
Irusta munitibartarragaz bikotea osatuta, 22 eta 18 irabazi zieten Titin III.ari eta Iturriagari, zapatuan [abenduak 11], Gernika-Lumoko Santanape frontoian. Partidu “polita eta berdindua” izan zen. “Titinen kontra inoiz ez dut jokatu, eta alde horretatik ere ilusioa neukan. Irabazi egin genuen, eta beraz, pozik nago”.
Gertukoen babesa eduki zuen Etxebarriak. 500 pertsonatik gora batu ziren Santanapen. Herriko Arkupe Pilota Taldeko umeek eta gaztetxoek pasilloa egin zieten pilotariei kantxaratu zirenean. Txalo artean hartu zituzten. Giro “itzela” egon zela azpimarratu du nabarniztarrak. “Frontoira etorri ziren denei eskerrak eman gura dizkiet, eta baita Garferi ere aukera hau ematearren, eta egun polit hori bizitzeko aukera edukitzearren”.
Profesionaletan jokatzeko aukera sortu zaiolako pozik dago aurrelaria. Hala, orain dela sei urte Asegarcegaz debutatu zuen profesionaletan, Gernika-Lumoko Urriko Azken Astelehenean: “Egun bakarreko kontratua egin zidaten. Gero, lesio batzuk eta ebakuntza bat tarteko ez dut aukera gehiago eduki, eta orain aukera hau sortu zait”. 2022ko abendura arteko kontratua dauka. “Garfek eman didan aukeragatik ilusio askogaz eta pozik nago. Enpresak urtez urte berritzen ditu kontratuak”.
Aukera ondo aprobetxatu gura du, eta “urte on bat egitea” da bere helburua, eta kontratua berritzea. Gogoz entrenatzen jarraituta, martxoan binakako txapelketa jokatzea espero du: “Hilerik hilera jakinarazten dituzte partiduak. Martxoan hasten da enpresaren binakako txapelketa. Udan partidu asko jokatzen dituzte. Ea nigaz pozik dauden, eta beste urte bat berritzeko aukera daukadan”.