Gautegiz Arteagako Udalak Negulekuak antolatu ditu
Negulekuetan parte hartzeko aurretiaz izena eman beharko da, eta hori egiteko azken eguna da abenduaren 17a.
Lana eta familia bateragarri egiten laguntzeko asmoz, Negulekuak edota neguko udalekuak antolatu ditu Gabonetarako Gautegiz Arteagako Udalak. Abenduaren 27, 28, 29, eta 30erako eta urtarrilaren 3 eta 4rako prestatu dituzte saioak, 10:00etatik 14:00etara bitartean, kultur etxean.
Hiru eta hamabi urte bitarteko umeei zuzendutako udalekuak dira, “jolasak, dibertsioa eta ikaskuntza” eskaintzen dutenak. Aurten, euskal mitologian oinarrituko dira jarduerak, eta bereziki kontuan hartuko dira guztien segurtasuna bermatzeko osasun neurriak.
Negulekuetan parte hartzeko aurretiaz izena eman beharko da, eta hori egiteko azken eguna da abenduaren 17a (barikua). Zehaztu dutenez, udalerrian erroldatutakoek izango dute lehentasuna.
“Gabonetan umeentzako aisialdi aktiboko alternatiba bat eskaintzea da helburua, baita Gabonetako eskola oporretan lana eta familia-bizitza uztartzen laguntzea ere”, adierazi du Juan Felix Naberan udalerriko alkateak. Izan ere, jardueragaz gurasoen kontziliazioa erraztea bilatu dute.
Alkateak aitortu du Gabonetan udalak herriko txikienetan jartzen duela arreta, eta eurei zuzendutako jarduera programa bultzatzen duela: “Gure seme-alabek herrian aisialdiaz gozatzea gura dugu, lagunak egitea, harremanak estutzea eta haurtzaroko Gabonei buruzko esperientzia eta oroitzapen onak izatea”. Haurren bitartez, gurasoek ere euren gizarte harremanak ehuntzen dituztela gehitu du.