Mundakako Udalak partaidetza prozesua abiarazi du aurrekontura begira
Galdetegiak herritarren eskura daude Mundakako Udalaren webgunean, udal bulegoetan, eta baita ere herriko denda eta tabernetan. Galdetegia aurkezteko azken eguna abenduaren 9a da.
2022ko udal aurrekontua diseinatu baino lehen, herritarren iritziak ezagutu gura ditu Mundakako Udalak, eta horretarako partaidetza prozesua abiarazi du. Izan ere, herrirako “onuragarriak diren lehentasunei eta ekintzei” buruz herritarrek daukaten iritzia “zuzenean” ezagutzea daukate asmo.
“Mundakako Udalak herriaren garapenean aurrera egitearen aldeko apustua egiten du, ideia eta proiektuekaz, eta herritarren ahalik-eta adostasun zabalena eduki gura dugu”, azaldu dute udaletik.
Bi ariketa “erraz” prestatu dituzte, galdetegi modura. Alde batetik, herritar bakoitzak bere lehentasunak ezarri beharko ditu hainbat jarduera eremuen inguruan: kultura eta kirola, arlo soziala, berraktibazio ekonomikoa, garbitasuna, irisgarritasuna eta mugikortasuna eta segurtasuna. Bestetik, epe ertain-laburrean herria hobetzen lagunduko duten ideiak, proiektuak eta ekintzak proposatu ahalko dituzte herritarrek.
Galdetegiak herritarren eskura daude Mundakako Udalaren webgunean, udal bulegoetan, eta baita ere herriko denda eta tabernetan. Herriko kultur eta kirol taldeen eskura ere jarri dituztela adierazi dute.
Behin galdetegia beteta, udaletxean utzi ahalko da edo gaztebuzoia.mundaka@euskalnet.net posta elektronikora bidali daiteke. Galdetegia aurkezteko azken eguna abenduaren 9a (eguena) da. Ondoren, udalak, horiek guztiak aztertzeko eta planifikatzeko konpromisoa hartu du. Aztertu ostean, 2022ko udal aurrekontuetan sartu dituzten ekimenen berri emango dutela adierazi dute.
“Mundaka dinamizatzen eta garatzen lagunduko duten proiektuekaz aurrera egitea da gure konpromisoa. Mundaka Mundakako jendea da, amama, gure gazte eta txikiak, dendak, ostalaritza, zerbitzuak, kultur eta kirol elkarteak, danak. Horregatik, eta gure erantzukizuna delako gure bizilagunen benetako beharrei erantzutea, haien ideiak eta iritziak entzun gura ditugu datorren urterako ekintzak planteatzerakoan kontuan hartzeko. Gertuko udala gara, eta urte osoan jasotzen ditugu gure bizilagunen proposamenak, martxan jartzen saiatzen garenak. Orain guk jotzen dugu zuzenean haiengana; benetako aukera da Mundakako herritarrek hautematen dituzten beharren araberako aurrekontuak diseinatzeko”, azaldu du Mundakako alkate Irati Gondrak.