Luzapeneko azken segundoetan erabaki da
Spar Gironaren aurkako norgehiagoka puntu bakarragatik irabazi du Lointek Gernikak (62-63), partiduaren azken 11 segundoetan Roundtreek saskiratutako jaurtiketa libreei esker. Taldeak erakutsitako jokoa ona izan dela esan du Mario Lopez entrenatzaileak.
Garaipen garrantzitsua izan da Lointek Gernika Bizkaiak etxetik kanpora lortu duena. Spar Gironari 62-63 irabazi dio Mario Lopezen taldeak. Luzapena behar izan zuten norgehiagoka erabakitzeko, eta partiduaren 11 segunduetan lortu zuen Gernikak garaipena emango zion puntua, Roundtreek saskiratutako jaurtiketa libreei esker.
Sailkapen orokorrean bosgarren kokatuta, Erregina Kopa lehiatzetik gertuago dago orain talde gernikarra. “Apurka-apurka eta oinak lurrean ditugula, baina sailkapen orokorrean gora egiteko balioko digu garaipen honek. Orain Erregina Kopari begira jarri behar gara, eta segidako bosgarren garaipena lortu. Ez da erraza izango, eta lanean segitu beharko dugu”, azaldu du Lopezek. Gironan lortutako garaipenaren garrantzia ere azpimarratu du entrenatzaileak: “Garaipena lortu dugu irabaztea zaila den kantxa batean. Talde gutxik lortuko dute Ligan Girona garaitzea”.
Azken minutuetan estuasunak bizi arren, orokorrean Lointek Gernika Bizkaiko neskek partidu ona egin dutela esan du Lopezek: “Baloi askorik ere ez dugu galdu, eta horrek zailago egin die aurkariei puntuak zenbatzea”. Defentsan ere ondo aritu ziren eta, ondorioz, Gironak bere jokoari jarraipena emateko zailtasunak izan zituela aipatu du gernikarren entrenatzaileak: “Taktika ona erabili du Lointekek, aldez aurretik zehaztutakoari eutsi dio taldeak, eta defentsan diziplina erakutsi du, erreboteak zainduz”.
Garaipen estua. Hala ere, puntu bakarragatik irabazi du Lointekek. Partidua nahiko orekatua hasi zen talde bientzat, 16-16ko markagailua lortuz. Bigarren zatian, aurrea hartzea lortu zuten gernikarrek, Bjorklunden eta Buchen hiruko saskiratzeei esker. Markagailua 25-31n jarri zen momentu batean, eta gernikarren defentsa lana ezinbestekoa izan zen aurkarien erasoak geldiarazteko.
Atsedenaren ostean, erreboteak eta Higgsen jokoak hartu zuten protagonismoa. “Higgs taldean sartzea ere klabea izan dela esango nuke, buruz burukoa lehiatzeko gaitasuna lortu dugu”. Buruz buruko joko horretan eskuratu zituen Higgsek atsedenaren osteo lehenengo sei puntuak gernikarrentzat, eta osteko saskiratze batek eman zion Gernikari partiduko abantailarik handiena: 36-44. Belen Arrojoren lana ere klabea izan zen, batez ere taldeak defentsa lan on bat egiteko.
Azken zatian, baina, talde katalanaren joko arinak eragina izan zuen gernikarrengan, eta baita markagailuan ere. Gironak jokoa apurtu nahi zuen, eta puntuak zenbatu. Hiruko bati esker, markagailuan aurrea hartu zuten katalandarrek, partidua amaitzeko 4 minutu falta zirela. Lointekek zailtasunak izan zituen jokoari eusteko, eta Lopezek hutsartea eskatu behar izan zuen. “Baloia gurea izan da, eta garaipena lortu ahal izan dugun arren, partiduaren azken minutuetan ez dugu asmatu joko ona egiten”, aipatu du entrenatzaileak.
Balekoa izan zen tarte hori, bi saskiratze lortu baitzituzten gernikarrek. Luzapena behar izan zuten norgehiagoka erabakitzeko, eta azken 11 segunduetan lortutako puntuak eman zion gaaraipena Lointek Gernika Bizkaiari.