Lauaxeta Ohorezko Saria jaso du Gatibuk
Euskararen sustapen, zabalkunde eta normalizazioan egindako ekarpenagatik nabarmendu diren pertsonak edota taldeak publikoki aitortzea, saritzea eta merezimenduzko jarduera horiek plazaratu eta zabaltzea da sarien helburua.
Gatibu saritu dute aurtengo Lauaxeta Ohorezko Sarietan; talde gernikarraz gain, Xabier Amurizak, Gontzal Mendibilek, Mikel Urdangarinek eta Zea Mays taldeak jaso dute saria. Poesia Saria, berriz, Leire Bilbao idazle ondarrutarrarentzako eta Jon Ander Urkiagantzako izan da, Etxeko Urak eta Bizi Min poema liburuengatik. Bizkaiko Foru Aldundiak gaur banatu ditu sariak Bilboko Elkarte Filarmonikoan ospatutako ekitaldian.
Iaz pandemia dela eta, aldundiak ez zuen ohorezko saririk eman, horregatik eman dio aurten Lauaxeta Ohorezko Saria 2020 Amurizari. Lauaxeta Ohorezko Saria 2021 Bizkaiko Euskarazko Musika Sortzaileei eman die.
Hain zuzen, euskarazko musika taldea izateagatik jaso du saria talde gernikarrak. Epaimahaiak aho batez hartutako erabakia izan da, eta taldeak izan duen etenik gabeko ibilbide luzea nabarmendu dute arduradunek: “Euskarazko musikariak dira, etenik gabeko ibilbidea luzea izan dute, eta gaur egun ere kantuan ari dira; hedadura zabalekoak eta musikari erreferenteak dira”.
Ohorezko Lauaxeta sarien helburua da euskararen sustapen, zabalkunde eta normalizazioan egindako ekarpenagatik nabarmendu diren pertsonak edota taldeak publikoki aitortzea, saritzea eta merezimenduzko jarduera horiek plazaratu eta zabaltzea. “Sariokin, ahal den neurrian, gizartea euskararen sustapenera erakartzea bilatzen dugu, euskararen erabilera bultzatzeko”, azaldu dute antolatzaileek.
Unai Rementeria Ahaldun Nagusiak adierazi du euskara “bizia” dela, eta, euskara gehiago eta gehiagok erabiltzea gurako lukeela azpimarratu du: “Ahalegindu gaitezen euskara erabiltzerakoan hizkuntza ondo erabiltzen, konsziente izanik non eta zertan hobetu behar dugun”. Eskerrak eman dizkie sarituak izan direnei, euren lanak euskara bultzatzen laguntzen duelako: “Zuen lanak laguntzen du euskara bultzatzen, baita euskaraz sortzen duten guztien lanak eta hizkuntza ahoan daramaten herritarren ekarpenak ere”.
Ekitaldi berezia antolatu du Bizkaiko Foru Aldundiak sari banaketa ospatzeko, izan ere, Bilboko Koral Elkartearen emankizunaz eta Garazi Etxabururen dantzaz gozatu ahal izan dute bertaratutakoek. Halaber, bertsoek ere bere tartea izan dute Iruri Altzerreka eta Onintza Enbeitaren eskutik, eta euskarazko literatura nazioartean egokiro hedatu duen Kirmen Uribe idazleak errezitaldia eman du bertan.