Gorenaren erabakiaren zain da Jaurlaritza osasun larrialdi egoera ezartzeko
Sagarduik esan du Lurraldearteko Kontseiluari eskatuko diola Errege dekretua alda dezala, maskara kanpoaldean ere derrigorrezkoa izateko
Gaur bilduko da Auzitegi Gorena COVID ziurtagiriari ezartzeko baimenari buruz ebazpena eman asmoz, eta Gotzone Sagardui osasun sailburuak esan du Jaurlaritza epaitegiaren erabakiaren zain dagoela osasun larrialdi egoera ezartzeko. Gaur bertan heldu daiteke ebazpena, edo datozen egunetan. Beraz, Jaurlaritzak erabakia ere edozein momentutan hartu dezakeela zehaztu du Sagarduik.
Egoera epidemiologikoak okerrera egin duela-eta erabaki du Jaurlaritzak neurriak zorroztea. Era berean, Sagarduik esan du Lurraldearteko Kontseiluari eskaria egingo diola Errege dekretua aldatzeko; hala, maskara kanpoaldean erabiltzea ere derrigorrezkoa izan dadin.
Bitartekoak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoak babes neurriak izan badituztela esan du osasun sailburuak, eta horiek aplikatzeko eta errespetatzeko eskatu du. Zehaztu duenez, jende asko batzen diren ekitaldiak saihestea, espazio itxiak aireztatzea, eskuak sarri garbitzea, eta maskararen erabilera egokia egitea ezinbestekoak direla gogoratu du. Halaber, udal eta tokiko instituzio, elkarte eta eragileek ere neurriak hartzeko bitartekoak badituztela azpimarratu du. Hartara, babes neurriak betetzea ezinezkoa den ekitaldiak bertan behera utzi ditzatela eskatu du, eta egingo direnetan neurriak zorrozteko.
Azken egunotan adierazle guztiek okerrera egin dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta joera hori nabaria da Busturialdean ere. Jaurlaritzak emandako azken datuen arabera, azaroaren 25etik 28ra 65 kasu positibo zenbatu zituzten Busturialdean. Gune gorrian dauden udalerriak hamahiru dira, gaur gaurkoz.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoan atzo 1.274 positibo atzeman zituzten, Sagarduik esandakoaren arabera, eta Osakidetzako zentroetan 60 pertdina ospitaleratu zituzten COVID-19ak jota. ZIUetan 49 paziente daudela esan du Sagarduik.