Baliabide Plana ezagutarazteko eskatu diote sindikatuek Gernika-Lumoko Udalari
Elkarretaratzean batu dira udal langileak gaur, ELA eta LAB sindikatuek deituta. Baliabide Planaren berri izan gura dute, eta hori ezagutarazteko eskatu diote udal gobernuari.
Gernika-Lumoko udal langileek “eginda dagoen” udal antolaketari buruzko Baliabide Planaren berri izan gura dute, eta hori ezagutarazteko eskatu diote udal gobernuari. ELA eta LAB sindikatuek deialdi bateratua egin dute, eta 30 langile inguru batu dira udaletxearen aurrean.
Sindikatuek jakinarazi dutenez, Gernika-Lumoko Udalak etorkizunera begirako udaletxearen antolaketa plan bat egiteko asmoa iragarri zuen, eta “kanpoko enpresa bati” eskatu zion Baliabide Plana egiteko. Sindikatuek diotenez, plana “eginda dago” baina ez diete langileen ordezkariei erakutsi. “Baliabide Plan bat egiteko asmoa zuen udal gobernuak. Jakinarazi zigun transparentziaz egingo zuela, langileon ordezkariekin, baina bestelakoa da egoera. Badakigu kanpoko enpresa batek egindako baliabide plana prest dagoela, eta ez digutela erakutsi. Ez dugu ulertzen zergatik ez duten gurekin partekatzen”, adierazi dute LAB sindikatuko ordezkariek.
Sindikatu abertzaleak uste du udal gobernua baliabide plana “negoziatzen” ari dela: “Baliabide Plana udalaz kanpoko enpresa batek egingo zuela esan ziguten, baina gezurra da. Izan ere, udala enpresagaz ari da adosten zer den udaletxeak behar duena. Badirudi udal gobernuan ere iritzi kontrajarriak dituztela, eta ez direla ados jartzen. Horregatik ez digute planaren berri ematen. Baliabide Plana amaitu gabe dagoela diote, baina enpresak duela urtebete eginda zeukan”.
ELA sindikatuak udal gobernuari eskatu dio “amaituta dagoen hori” ezagutarazteko: “Abenduaren 15ean negoziazio mahaian elkartuko gara berriro, eta udal gobernuari eskatzen diogu plana erakusteko”.
Izan ere, Baliabide Planak dioena zer den jakiteko eskubidea dutela nabarmendu dute bi sindikatuek: “Negoziazio mahaian gure iritziak plazaratzeko aukera izan behar dugu langileon ordezkariok, baina ezinezkoa da hori egitea baliabide plana ezagutu ezean. Enpresa horrek egindako txostena eduki gura dugu, denon artean onena zer den erabakitzeko”.
Sententzia “bete barik”. Halaber, Gernika-Lumoko udal langileek gogoratu dute lanpostuen Balorazio Planari buruzko auzian duela bi urte epaitegiak emandako sententziak oraindik exekutatu barik jarraitzen duela. “Sententzia atera zenetik bi urte eta erdi pasatu dira, eta oraindik arazo berdinagaz jarraitzen dugu. Balorazio plana aurrera doala esan digute, baina ikusiko dugu betetzen duten edo ez”, adierazi dute ELAko ordezkariek.
LABek ere sententzia oraindik exekutatu ez izana salatu du: “Baliabide Plan honek zerikusia du Balorazio Planagaz. Balorazio Plana duela 7 urte jarri zen martxan, eta duela bi urtetik udalak betetzen ez duen sententzia bat dago mahai gainean”.