Urdaibaik ikusgarritasuna eman gura die biodibertsitatea zaintzeko ekimen desberdinei
Urdaibaiko Biosfera Erreserbak #BiosferaNaiz mugimenduaren bitartez, ikusgarritasuna eman gura die biosfera errespetatu eta zaintzea bilatzen duten ekimen berritzaileei. UNESCOREN MaB programaren 50. urteurrenean parte hartzen ari da.
Urdaibaiko Biosfera Erreserba biodibertsitate ikusgarriko eremua da, eta leku horiek zaintzeak duen garrantzia azpimarratu gura du UNESCOREN MaB programak. Hain zuzen, biosferarekin armonian dauden ekimenak aurrera eramateak duen garrantzia nabarmendu gura du programak bere 50. urteurreneko ospakizunetan. Hala, Urdaibaiko Biosfera Erreserbak bat egin du urteurrenagaz, eta #BiosferaNaiz mugimendua abiatu du.
Mugimenduaren bidez, ikusgarritasuna eman gura diete biosfera errespetatu eta zaintzea bilatzen duten Bizkai, Araba eta Gipuzkoko ekimenei; baita aukeraz betetako lurralde dinamikoa eraikitzea helburu dutenei ere. Hala, asmo horiek betetzen dituzten ekimenen berri emateko eskatu diete herritarrei: “Deialdi bat egiten zaie bertako herritarrei euren ekimenak aurkezteko, betiere Urdaibai Biosfera Erreserbari eta garapen jasangarriaren heburuak betetzeari egiten dioten ekarpena zehaztuta. Izan ere, ekimen jasangarriak dira ingurunea zaintzearen oinarrietako bat, eta herritar guztien arteko lankidetza eskatzen dute”.
Interesa dutenek euren lana erakusteko izena ematera deitu dituzte. Izan ere, diotenez, Urdaibain lantzen diren proiektuak erakutsi eta zabaltzea “funtsezkoa” da biodibertsitatearen kontserbazioaren, ondarea eta kultura zaintzearen eta garapen jasangarriaren printzipioetan oinarritutako ekimen berriak bultzatzearen garrantziaz kontzientzia hartzeko.
Parte hartzaileen ekimenak Urdaibai Biosfera Erreserbaren webgunearen #BiosferaNaiz atalean jasoko dituzte. Bertan, Urdaibai Biosfera Erreserbaren enbaxadoreen komunitatea osatuko dute, ingurunea errespetatzen duten ekintzak aurrera eramateko.