Emakumeen aurkako indarkeria landuko dute Elai Alai aretoan
. Ikuspuntu feminista jorratzen duen ipuin kontalariaren saioa eta emakumeen aurkako indarkeria lantzen duen bideo proiekzio bat antolatu ditu Gernika-Lumoko Udalak.
Azaroaren 25a Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Eguna dela oroitzeko asmoz, Gernika-Lumoko Udaleko Berdintasun sailak bi jarduera antolatu ditu Elai Alai aretoan. Ikuspuntu feminista jorratzen duen ipuin kontalariaren saioa eta emakumeen aurkako indarkeria lantzen duen bideo proiekzio bat antolatu dute horretarako.
Astelehenean, 18:00etatik aurrera, Ipuinez nazkatuta izeneko ipuin kontaketaz gozatu ahalko dute aretora bertaratzen direnek. Gazte zein helduei zuzenduko zaie Elssie Xalbador ipuin kontalaria, eta “betiko” printzesen ipuinak moldatuko ditu ikuspegi feministago, justuago eta modernoago bat duten ipuinak kontatzeko.
Azaroaren 24an, berriz, 18:00etan, Emakumeak fabrikatzen dokumentala proiektatuko dute. Energia kontsumoaren, mugikorren eta fikziozko telesailen kontsumoan dauden indarkeria matxistak jorratzen ditu dokumentalak. Ikus-entzunezkoaren oinarrian dago SETEM Hego Haizeak taldeak egindako Bortizkeria kontsumitzen dugu? ikerketa. Azterlan lan horretan, kontsumoan agertutako bortizkeria matxistak detektatzea “zaila” dela ondorioztatu zuten ikerlariek, “jarrera batzuk normalizatuta, barneratuta eta geureganatuta ditugulako”. Dokumentalaren helburua da lan horren emaitzak modu erraz eta ikusgarrian eskaintzea. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, proiekzioa amaitutakoan solasaldian elkartuko dira bertaratzen direnak.
Irati Martinez Agirrezabala udaleko Berdintasunerako zinegotziak azpimarratu du garrantzitsua dela emakumeen aurkako indarkeria plazaratzea eta horren aurka egiteko politikak eraikitzea: “Azaroaren 25a funtsezko data da mundu osoan emakumeen aurka gertatzen diren indarkeriak salatzeko. Indarkeria hori desagerrarazteko herrialde guztietan politikak egon daitezen eskatu behar da”.