Trilogia baten azken eztanda
'Medusa' izeneko disko berria aurkeztu du gaur Dientes de Luna talde gernikarrak. 'Utopista' eta 'Atmosfera' lanak osatzen dituen azken bilduma da.
Lurra, airea eta ura. Elementu horiek uztartuz, hiru sormen lanen trilogia gauzatu du Dientes de Lunak. Elkarren artean osagarriak diren hiru disko kaleratu ditu musika talde gernikarrak, eta gaur aurkeztu du azken lana: Medusa.
Trilogia bati amaiera emanten dion lana da, Utopista eta Atmosfera lanak osatzen dituena. Naturari buruzko hiru bilduma egiteko asmoa zuten taldekideek, eta hala egin dute. Lurra da Utopista, airea Atmosfera eta ura, berriz, Medusa. Hiru urtetan hiru disko argitaratzeko asmoagaz abiatu zuten proiektua 2018an, baina pandemia tarteko, aurten aurkeztu dute azken obra. “Hasiera batetik argi geneukan egin gura genuena zer zen: hiru urtetan hiru disko kaleratzea zen gure helburua”, adierazi du Aimar Cid taldeko abeslariak. Azken urtea diskoa “hobetzeko” aprobetxatu dute, hau da, zituzten ideia berriak uztartzeko; izan ere, denboraren poderioz, “kantak beste era batera” ikus daitezke.
Trilogia borobiltzen duen azken pausoa da Medusa, baina aurreko diskoen jarraipena izateaz gain, taldearen bilakaera erakusten duen lana ere bada: “Lan desberdina da. Aurrekoen jarraipena da, guk rocka uztartzen dugulako eta lan honek ere gure estiloa duelako. Baina egia da taldearen eboluzioa ikus daitekeela azken honetan”. Lurra oinarri duen bildumagaz taldearen identitatea finkatu zuten, gero, aireagaz, salto egiteko; musikalki “aurrerapauso handia” eman zuten bigarren lan horretan. Azken hau, berriz, “amaierako eztanda” da Ciden berbetan: “Disko hau aurrekoak baino rockeroagoa da, power rock estiloan sar genezake. Gitarrak asko landu ditugu, baita kantuak ere. Garen modukoa deskribatzeko disko egokiena da, borobilena. Gure esentzia barnebiltzen du”.
Denetariko gaiak jorratu dituzte gaur Biran aurkeztu duten bilduma berrian. “Kantu hauek, era batera edo bestera, aurreko diskoetakoekin lotuta daude. Trilogiaren azkenengo diskoa da, eta aurreko kantuen amaiera bat ere suposatzen du. Denetarik landu dugu. Maitasunaz berba egiten dugu, baina ez ohiko maitasunaz”, adierazi du abeslariak. Ez dute beste pertsona batzuekiko maitasuna bere horretan landu, norberaren burua maitatzeaz aritu dira. Rock and Rollaren aldarria ere jaso dute, musikari buruzko kritika soziala eginez. Oraingoan ere, metaforaz beteriko letrak sortu dituzte, poesian oinarritutakoak.
Maldita izena du singlelak. Gura denak eta ezin denak talka egiten dutenean sortzen den sentimenduari buruz berba egiten du abestiak, amorrutik. “Ukitu desberdinak” dituen kantua delako aukeratu dute promozio abesti bezala, “ukitu horiek diskoan jasoko dena barnebiltzen dutelako”. Prestatzen hasi ziren lehenengotariko kantua da honakoa, baina amaitzen azkenengoetakoa izan dela onartu du abeslariak: “Maldita prestatzen hasi ginen lehenengotariko kantua izan zen, eta amaitzen azkenetarikoa. Oso zorrotzak izan gara egin dugunagaz, eta esan genezake 20 aldiz baino gehiagotan idatzitako kantua dela. Lehenengo zirriborrotik ez da ezer geratzen”.
Erraza izan da taldekideentzat orain dela hiru urte abiatutako proiektuari ‘amaitu da’ esatea. “Egin duguna da egin gura genuena. Jakin dugu ezin genituela hamabost abesti egin. Hala, kantuen kantitatea neurtu dugu, eta kalitatea hobetsi. Disko bakoitza disko borobila dela pentsatuta amaitu dugu. Argitaratutako zazpi kantuak dira Medusa”, azaldu dute.
Grabaketa prozesua. 2020an kaleratu behar zuten lana, baina atzerapenagaz, grabaketa eta edizio prozesua luzatu dute. “Honetan ere, trilogiaren hasieratik gure ondoan egon direnen lanagaz gauzatu dugu diskoa. Soinu aldetik hobekuntzak egon dira, materiala hobetu egiten delako eta guk ere aurrerapausoak eman ditugulako. Baina trilogia ulertzeko modu beragaz jarraitu gura izan dugu”, diote. Hala, Jagoba Ormaetxeagaz grabatu dute azken lana, eta Martinek egin die diseinua. Ainhoa Vazquez arduratu da argazkiak ateratzeaz.
Disko honetan ere, kolaborazioak izan dituzte, Doctor Deseo eta Gabriel De la Rosa agertzen direlako bideoklipean.
Lan berria 2022ko otsailaren 3an hasiko dira aurkezten, Bilboko Kafe Antzokian emango duten kontzertuagaz; abenduan kontzertu gehiago jakinaraziko dituztela adierazi dute. Hala ere, lehenago Durangoko Azokan egongo dira, hirugarrenez.