Allende Salazar kaleko espaloia eta Azokakaleko sarbidea hobetuko ditu udalak
Allende Salazar kaleko zoladura berritu eta Azokakale kaleko malda murriztu eta autoentzako sarbidea erraztuko du Gernika-Lumoko Udalak. Hasi dira lanokin.
Udalerriko iriste erraztasuna hobetzeko asmoagaz aurrera jarraitzen du Gernika-Lumoko Udalak, eta hobekuntza lanak egiten ari da herrigunean zein auzoetan. Orain, Allende Salazar kalearen espaloia konpontzen eta Azokakale kaleko sarbidea moldatzen ari dira langileak; Adolfo Uriostek eta Azokakalek bat egiten duten tartea egokituko dute hain zuzen.
Allende Salazar kaleko espaloiak –Andra Mari parrokiatik Zearreta kalera arteko tartean dagoen aldapak– zituen desnibelak ikusita hartu du horiek konpontzeko erabakia udalak. “Zoruak desnibelak zituen kalearen luzera osoan, eta oinezkoen joan-etorrietarako oso deserosoa zen bidea”, azaldu du Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkateak. “Askotan”, oinezkoek, galtzadatik joateko erabakia hartzen dutela gaineratu du, “bertatik ibilgailuak pasatzean sortzen zen arriskuagaz”.
Hori dela eta, espaloiaren 1,60 metroko luzera osoan esku hartuko du udalak, zoladura berrituz. “Dagoena kendu eta hareharrizko zoladura jarriko dugu”, adierazi du alkateak. Lanok46.250 euroko aurrekontua dute, eta azaroaren amaierarako eginda egotea espero dute udal ordezkariek.
Azokakaleko sarbideko lanak. Allende Salazar kalekoa, baina, ez da hilabete honetan gauzatu beharreko proiektu bakarra, izan ere, Adolfo Urioste eta Azokakalek bat egiten duten tartea ere egokitzen ari dira.
Puntu horretan erorketak eta irristadak egoten direlako hobetuko dute eremua. Alkateak aitortu du bizilagunek proposatutako obra dela, eta eurei kasu eginda, bertan jardutea erabaki dutela: “Udalaren parte hartze prozesuaren bitartez, bizilagunek eurek proposatu ziguten eremu horretan aldaketak egitea”.
Herritarren mugikortasuna errazteko asmoz, kalearen egungo malda murriztuko dute eta autoentzako dagoen sarbidea zabalduko dute: “Kale horretan garajeak daude, eta ibilgailuei ere erraztasunak eman behar zaizkie kale horretan sartzeko eta seguru zirkulatzeko”.
Lan hauek egiteko epea bi astekoa da eta guztira 14.878 euro ordainduko dituzte.