Irabazi ezinik jarraitzen dute basurdeek
Ohorezko Ligaren 4. jardunaldian, 22-26 galdu dute Barça Rugbiren kontra. Azken postuan jarraitzen du Gernikak, CR La Vila azkenaurrekoaren atzetik hiru puntura.
Lehenengo garaiperaren bila zelairatu dira basurdeak Urbietan, baina ezin izan dute irabazi. Ohorezko Ligaren 4. jardunaldian, 22-26 galdu dute Barça Rugbiren kontra. Hala ere, denboraldiko lehenengo puntua eskuratu dute, lehiakortasunarena. “Etxien jolastu eta galdu ostean, ezin gara pozik egon”, adierazi du Eduardo Maidagan entrenatzaileak. Izan ere, irabaztea espero zuten, Barcako hiru jokalari selekzioekin zeudelako: “Partidua gurea izango zela pentsatzen genuen, euren hiru jokalari selekzioagaz zeudelako. Hala ere, talde oso ona zela bagenekien”.
Berdintasuna nagusitu da partiduaren lehenengo zatian. Etxeko taldeak ireki du markagailua bosgarren minutuan, eta hiru puntu aurretik jartzea lortu du. Hala ere, jarraian erantzun dute talde kataluniarrekoek. Norgehiagokako lehenengo entsegua lortu du Dan Isaack-ek, eta Bacchik bihurtu du (3-7) zortzigarren minutuan.
Basurdeek, baina, ez dute etsi, eta euren lehenengo entsegua bilatu dute. Jon Mikel Aboitizerena heldu da lehen zatiko 30. minutuan; Estanislao Renthelek bihurtu du hori. Oraingoan ere, etxekoak aurretik zirenean (10-7), segituan lortu dute euren bigarren entsegua Barcakoek. Javier Cebrianek irauli du partidua 10-12koa markagailuan jarriz, eta Bacchik borobildu du hori (10-14). Basurdeek ez dute euren jokoa nahi bezala zelairatzea lortu, eta horrek markagailuan atzetik joatea eragin du.
Lehenengo zatiko azken hamar minutuetan aurretik jartzeko saiakerak egin dituzte talde gernikarrekoek, baina ezin izan dute Barcakoen defentsa sendoa gainditu. Hala, 10-14ko markagailuagaz amaitu dute lehenengo zatia. “Gogor atera gara, baina azken metroetan ezin dugu definitu. Hala eta guzti, lehenengo zatia ona izan da”, onartu du entrenatzaileak.
Bigarren zatian aurrerapausoa eman du talde gernikarrak. Hala ere, ondo defenditu du Barcak, eta izan dituzten aukerak aprobetxatu dituzte bisitariek. Lehenengo aukera hamahirugarren minutuan izan dute, eta beste entsegu bat lortu dute. Bederatzi puntuko aldeagaz suspertu egin dira Barcakoak, eta erasokor jokatu dute, beste entsegu bat lortuz eta hogeigarren minuturako markagailuan ihes eginez: 1o-26. “Dena ematera atera gara, baina hamar minutu txar jokatu ditugu, eta eurek abantaila lortu dute momentu horretan. Bi entsegu eginda 14 puntu lortu dituzte. Hor galdu dugu partidua”, dio entrenatzaileak.
Abantailagaz, defentsa sendotu dute talde kataluniarrekoek, eta, gogortasunez jokatu dute, basurdeen aukera gehienak geldituz. Hala ere, etxekoek ez dute etsi. “Gauzarik zailena egin dugu. Ez dugu amore eman eta partiduraren bila atera gara”, adierazi du Maidaganek. Hala, 36. minutuan Peio Urrutiak entsegu marra zeharkatu du baloiagaz, eta 40. minutuan gauza bera egin du Reuben Du Plooy-k; azken hori, Iker Olaetak borobildu du, markagailuan 22-26koa jarriz. Gernikarrak entsegu lerrotik gertu igaro dituzte azken minutuak, baina Barcaren defentsak ondo eusti die erasoei.
Azken hiru minutuetan urduritasuna nagusitu da Urbietako zelaian. Bisitariek garaipena ziurtatu gura zuten, eta etxekoek markagailua irauli. Batzuek zein besteek euren helburuak lortzeko ahaleginak egin dituzte, baina inork ez ditu puntuak eskuratu.
Epaileen partidu amaierako txistuagaz, laugarren partidua galdu du Gernika Rugby Taldekak (bi kanpoan eta bi etxean). Puntu bakarra lortuta, Ohorezko Mailaren azken postuan dago Gernika, CR La Vila azkenaurrekoaren atzetik hiru puntura.
Ohorezko mailan euskal derbia izango da datorren jardunaldian, izan ere, gernikarrek Ordiziaren etxean jokatuko dute, Altamiran. Egun, Ampo Ordizia RE seugarren sailkatua da, 10 puntugaz.