Busturialdeko bost bertsolari ariko dira finalaurrekoetan
Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalaurrekoetarako eskualdeko lau sailkatu dira kanporaketa fasetik: Ibon Ajuriagojeaskoa Garmendia, Aitor Etxebarriazarraga Gabiola, Ander Elortegi Garatea eta Julen Arzanegi Erezuma. Eurekaz batera ariko da Onintza Enbeita Maguregi bertsolari muxikarra.
Gaur Getxon jokatu dute Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren azken kanporaketa, eta bertako puntuazioaren ostean erabakita geratu da nortzuk ariko diren hiru finalaurrekoetan. Hain zuzen ere, Busturialdeko lau bertsolari sailkatu dira kanporaketa fasetik: Ibon Ajuriagojeaskoa Garmendia, Aitor Etxebarriazarraga Gabiola, Ander Elortegi Garatea eta Julen Arzanegi Erezuma. Eta eurekaz batera ariko da Onintza Enbeita Maguregi, 2018ko finalista izateagatik zuzenean sailkatuta egon delako.
Guztira sei kanporaketa jokatu dituzte, eta bakoitzaren irabazlea zuzenean pasatu da finalaurrekoetara; gainontzeko bertsolariak, berriz, puntuazioaren arabera sailkatu dira. Ajuriagojeaskoak bere kanporaketa irabazi zuen, eta Elortegik eta Erezumak bigarren egin zuten nork bere kanporaketan; Etxebarriazarraga, berriz, hirugarrena izan zen berenean.
Guztira eskualdeko hamahiru bertsolari igo dira Bizkaiko txapelketaren kanporaketa faseko oholtza gainera, eta emaitza bikainak eskuratu dituzte. Hala ere, horietako lauk lortu dute helburu nagusia: finalaurrekoetara sailkatzea. Hiru dira lehiatuko dituzten saioak.
Azaroaren 21ean, Etxebarriako frontoian, 17:00etan:
- Miren Amuriza Plaza
- Onintza Enbeita Maguregi
- Gorka Pagonabarraga Agorria
- Imanol Uria Albizuri
- Ibon Ajuriagojeaskoa Garmendia
- Paule Ixiar Loizaga Legarra
Azaroaren 27an, Galdakaoko Urreta kiroldegian, 17:00etan:
- Aitor Bizkarra Ruiz
- Etxahun Lekue Etxebarria
- Xabat Galletebeitia Abaroa
- Oihana Bartra Arenas
- Josune Aramendi Perez
- Aitor Etxebarriazarraga Gabiola
Abenduaren 4an, Larrabetzuko frontoian, 17:00etan:
- Eneko Abasolo Txabarri ‘Abarkas’
- Jone Uria Albizuri
- Nerea Ibarzabal Salegi
- Txaber Altube Sarrionandia
- Ander Elortegi Garatea
- Julen Arzanegi Erezuma
Txapelketaren finalaurrekoetara zein finalera joan nahi duenak aurretiaz sarrerak erosteko aukera du www.bertsosarrerak.eus atarian.
Azkenengoan, Aramendi nagusi. Gaur jokatu dute azken kanporaketa Getxon, eta Josune Aramendi nagusitu da. Lan puntuagarri guztiak egin ostean, Aramendi izan da puntu gehien batu dituena: 458 puntu. Hiru puntu gutxiago eskuratu ditu Unai Mendiburu Valorrek, eta haren atzetik geratu da Eneko Aldana Carrasko bertsolari foruarra; 449,5 puntu bildu ditu. Hamarreko txikian nabarmendu da bertsolari foruarra, saioko puntuaziorik handiena lortuta.
Malen Amenabar Larrañaga laugarrena izan da, 446,5 puntu eskuratuta. 396,5 puntugaz, Koldo Muñiz Aldamizetxebarria foruarra geratu da bosgarren, eta seigarrena izan da Enare Muniategi Etxeabe arteagarra; 389 puntu lortu ditu.
Oier Iturralde Fernandez ‘Atano’-k egin ditu gai-emaile lanak. Epaimahaian jardun dutenak Ainhoa Arregi Elosua, Garazi Mendoza Agirre, Iñaki Aurrekoetxea Arkotxa, Jurgi Fuentes Goikoetxea, Leire Etxebarria Gaztelu eta Mirari Azula Aurrekoetxea izan dira. Idazkari beharrak, berriz Itziar Basterretxea Olarreagak egin ditu.