Filmatzeko eszenatoki bihurtuko da Euskal Herria Museoa zapatuan
Figurante gisa parte hartu gura dutenek aurretiaz erreserbatu beharko dute lekua.
Museoak arte-diziplina ezberdinetako agertoki bihurtzeko asmoz MusEkintza Jaialdia aurkeztu zuen Bizkaiko Foru Aldundiak irailean. Ekainera bitartean, txandaka, hilabete bakoitzeko azken zapatuan BizkaiKOA osatzen duten museoetako bat bestelako agertoki bilakatuko da. Hain zuzen ere, pelikula bat filmatzeko eszenatokia izango da oraingoan Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoa.
Bisitariak aktoreak izango dira egun batez, eta museoaz beste modu batera gozatzeko aukera izango dute. Izan ere, Bilboko Zinemagintza Eskolak (ECCBI) dauka pelikula gauzatzeko ardura, Amara Monasterio zuzendariaren gidaritzapean. Talde teknikorekin batera, emakumezko eta gizonezko bi euskal aktore izango dira protagonista eta set-a museoko hainbat espaziok osatuko dute. Bisitariak filmazioaren figurante gisa parte hartuko du, zinema barrutik biziz.
Hori dela eta, filmatutako materiala muntatu eta hori izan nahi duen guztiei bidaliko zaie: “Horretarako, baina, nahi duenak bere helbide elektronikoa utzi ahal izango du, taldeak materiala bidaltzeko”.
Figurante gisa parte hartu gura dutenek aurretiaz erreserbatu beharko dute lekua, eta horretarako, hurrengo telefono zenbakira deitzeko eskatu dute: 94 625 54 51.