Arimekin elkartzeko eguna, domekan
Oroitzapenen Bidean batuko dira Ibarrurin, Halloween festa ospatuko dute Gernikan, beldurrei aurre egingo diete Ajangizen eta musika eta txokolate janaz gozatzeko aukera izango dute Ean.
Arimen Gaua ospatzeko ohitura ondo errotutakoa da Euskal Herrian, nahiz eta azken urteetan galdu egin den tradizioa izan. Hala ere, euskal ohiturak berreskuratzearen alde egin dute Busturialdeko zenbait herritan.
Nagusiek diotenez, 1950. hamarkadara arte, gutxienez herri eta eskualde gehienetan bizirik iraun zuen ohitura izan zen. Eta aurten ere, antzinakoa gogoratuko dute Ajangizen, Ean, Gernika-Lumon eta Muxikan. Hala, arimek, mamuek eta hildakoek hartuko dituzte eskualdeko kaleak, izara eta maindirez mozorrotuko baitira herritarrak.
Lehenengoz elkartuko dira Arimen Gauean Ajangizen. Aintzinara begiratuko dute, jaia egungo errealitatera moldatu eta berrasmatzeko. Domekan 16:30ean batuko dira herritarrak Mendietako plazan, eta herritarrei trapu zaharrak, lastozko txapela eta kandelak eramateko deia egin diete.
Behin arropak prestatuta, eskean joango dira ibilbide beldurgarria osatuz; Mendieta 33 (Biesko), Mendieta 42, Mendieta 77 eta 78, eta, Mendieta 66 eta 67 zeharkatuko dituzte 18:30ean hasita. 19:45ean, beldurrak erreko dituzte. “Norberaren beldurrei modu kolektiboan erantzungo diegu”.
Bigarrenez ospatuko dute Arimen Gaua Muxika, Gorozika eta Ibarruriko bizilagunek Ibarrurin; domekan 19:30ean batzeko deia egin dute. Oxygastra Curtisii elkarteak antolatuta, Oroitzapenen Bidean elkartuko dira herritarrak: “Galdutakoa berreskuratu gura dugu. Izan zirenak ez ditugulako ahaztu. Hil zirenekin elkartzeko modu berria eta bizia daukagulako”.
Azken urteetan Muxika, Ibarruri eta Gorozikan hilda egon den tradizioa da, baina antzina “bizi-bizi” egon zela diote antolatzaileek. Orain, hildakoekin lotura daukaten tradizioak ez direla ospatzen uste dute, baina herritarren testigantzak entzunda, ohitura hori berreskuratu eta berrasmatu zuten duela bi urte: “Ohitura berreskuratu baino berrasmatu egin dugu. Ibilbide bat antolatu dugu, oroitzapenak kontatzeko bidea hain zuzen”. Duela bi urte lehenengoz egindako Oroitzapenen Bidean batuko dira oraingoan ere.
Gernika-Lumon, Astra Txikik antolatuta, Halloween festa egingo dute Astran. Domekan, 18:30ean hasita, Xaiborren ikuskizunaz gozatu ahalko dute herriko txikienek. Bertaratzen direnek, gainera, gozoki poltsa bat jasoko dute. Antolatzaileek herritarrei mozorrotuta joateko eta parte hartzeko deia egin diete.
Ean ere, Arimen Gaua ospatu ohi dute, eta aurten ere mozorrotu egingo dira herritarrak. Domekan, 18:30ean, Eskolondon jarri dute merendolaz, txokolatadaz eta musikaz gozatzeko hitzordua. Herritarrak animatu dituzte mozorrotuta joatera.