Julen Arzanegi Erezuma bigarrena izan da Igorreko kanporaketan
Bizkaiko Bertsolari Txapelketako bigarren kanporaketa jokatu zuten atzo Igorren, eta bigarrena izan zen Julen Arzanegi Erezuma. Ibai Amillategi Omaetxebarria hirugarren postuan berdindu zuen Mikel Goiriena Larrazabalekin. Hurrengo kanporaketa Ortuellan lehiatuko da, eta bertan ariko dira Julen Ibarguengoitia Omaetxebarria eta Mikel Relotaza Etxebarria.
Igorreko Lasarte aretoan jokatu zuten atzo Bizkaiko Bertsolari Txapelketako bigarren kanporaketa, eta Gorka Pagonabarragak irabazi zuen.
Lan puntuagarri guztiak amaituta, 482 puntu eskuratu zituen bertsolari durangarrak, eta haren atzetik sailkatu zen Julen Arzanegi Erezuma; 460,5 puntu bildu zituen bertsolari gernikarrak. Hamarreko txikiko ariketan onena izan zen Arzanegi.
Hirugarren posturako lehian, puntu berdinak bildu zituzten Mikel Goiriena Larrazabalek eta Ibai Amillategi Omaetxebarria gernikarrak 448,5. Zortziko txikian nabarmendu zen Amillategi, beste bertsolariek baino puntu gehiago eskuratuz. Kartzelakoan ere, ariketa ona egin zuen.
Euren atzetik sailkatu zen Garazi Navarro Ugarteburu Amorotoko bertsolaria, 418,5 puntu lortuta. Navarrok baino bi puntu eta erdi gutxiago eskuratu zituen Ander Ucelay Aristik, 416.
Gaiak jartzen Beñat Vidal Gurrutxaga aritu zen, eta epaimahakideak izan ziren Ainhoa Arregi Elosua, Garazi Mendoza Agirre, Iñaki Aurrekoetxea Arkotxa, Jurgi Fuentes Goikoetxea, Leire Etxebarria Gaztelu eta Mirari Azula Aurrekoetxea. Idazkari beharretan Itziar Basterretxea Olarreaga aritu zen.
Hurrengoa, Ortuellan. Bizkaiko Bertsolari Txapelketako hurrengo saioa Ortuellan lehaituko da zapatuan; 17:00etan Gorbea aretoan bertsoez gozatzeko aukera izango dute bertsozaleek. Bertan ariko dira eskualdeko bi bertsolari: Julen Ibarguengoitia Omaetxebarria eta Mikel Relotaza Etxebarria. Gernikako eta Busturiako bertsolariez gain, Asier Alcedo Cano, Garikoitz Sarriugarte Onaindia, Peru Vidal Gurrutxaga eta Txaber Altube Sarrionaindia ariko dira.
Saioaren irabazlea zuzenean sailkatuko da finalaurrekoetara, eta besteek, puntuazioaren arabera edukiko dute horretarako aukera. Finala abenduaren 18an jokatuko da.
Ortuellako saiorako sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian.
Txapelketaren puntuazioa
- Gorka Pagonabarraga Agorria: 482,5 (Sailkatuta, kanporaketa irabaztearren)
- Ibon Ajuriagojeaskoa: 479,00 (Sailkatuta, kanporaketa irabaztearren)
- Ander Elortegi: 477,50
- Julen Arzanegi Erezuma: 460,5
- Asier Galarza: 451,00
- Mikel Goiriena Larrazabal: 448,5
- Ibai Amillategi Omaetxebarria: 447,5
- Iruri Altzerreka: 433,50
- Inazio Vidal: 421,00
- Garazi Navarro Ugarteburu: 418,5
- Ander Ucelay Aristi: 416
- Beñat Bilbao: 398,50