Bigarrenean ere, ezin
Etxetik kanpo jokatutako Ohorezko Mailaren bigarren jardunaldian, 34-14 galdu dute basurdeek Burgosko taldearen aurka. Hurrengo norgehiagoka etxean jokatuko duten lehenengoa izango da, VRAC Quesos Entrepinaresen aurka, zapatuan, 17:00etan Urbietan.
Gernika Rugby Taldeak ezin izan du Burgos menderatu. Etxetik kanpo jokatutako Ohorezko Mailaren bigarren jardunaldian, 34-14 galdu dute basurdeek Burgosko taldearen aurka.
Partiduko lehenengo minutuak erabakigarriak izan ziren. Etxekoak sendo zelairatu ziren, eta jokoaren esparru guztietan nagusitu ziren. Botere hori markagailuan islatu zen, partidua hasi bezain pronto heldu baitzen Burgosko taldearen lehen entsegua Joel Soriaren eskutik. Gernikarrek Estanislao Renthelen zigor ostiko bategaz erantzun zuten, baina, beste behin, lehenengo hamar minutuak bete aurretik, etxeko taldeak bigarren entsegua lortu zuen: 12-3. Hurrengo minutuetan ez zuten asmatu basurdeek, eta ezbeharrak pilatuz joan ziren. Eder Martinezek zelaia utzi behar izan zuen kommozio baten ondorioz, eta bere ordez Jon Aboitiz sartu zen jokoan.
Lehenengo zatiaren erdia bete aurretik, Burgos taldeak hirugarren entsegua lortu zuen. Nagusitasun hori gelditzeko asmoz, bigarren aldaketa bat egin zuen Eduardo Maidagan Gernika RTren entrenatzaileak; Fagu Malloy zelairatu zuen Francisco Jose Gonzalezen ordez. Minutu gutxira iritsi zen basurdeen partiduko entsegu bakarra: Reuben Du Plooy talde gernikarraren fitxaketa berriak 19-10ekoa jarri zuen markagailuan. Partiduan sartu ziren Maidaganen jokalariak, eta Burgosko taldeko jokalari batek txartel horia ikusi zuenean, hamar minutuko nagusitasuna aprobetxatu eta beste zigor ostiko on bategaz beste hiru puntu lortu zituen Renthelek (19-13). “Partidua txarto hasi dugu, eta eurek esfortsu gogorrik egin barik lehenengo minutuetan hogei puntu bildu dituzte”, adierazi du Jokin Eskolar Gernika Rugby Taldeko jokalariak.
Uztartze eta alboko sakeetan “nabarmen gailendu” zen Burgosko taldea lehen zatian, eta hala izan zen bigarrenean ere. Izan ere, bigarren zatian ez zuten punturik eskuratu basurdeek, eta Burgosko taldeak 15 bildu zituzten. Jokoa berrezarri eta minutu gutxira zigor ostikoz urrundu ziren markagailuan (22-13), eta azken hamar minutuetan erabaki zuten norgehiagoka. Etxeko taldeak bi entsegu lortu zituen, Pablo Rasconeren eta Matias Nuñezen eskuetatik, azken markagailuan 34-13koa jarriz. “Bigarren partean zorte txarra eduki dugu, jokalari batzuk lesionatu egin dira-eta. Hala ere, azken 15 minutuetan uztartze eta alboko sake bat ere ez dugu irabazi, eta horrela errugbian ezin da ezer egin”, dio Eskolarrek.
Hirugarrena partidua, etxean. Lehen bi jardunaldiak amaituta, Gernika Rugby Taldekoak sailkapen orokorreko beheko postuetan daude, Les Abellesekin zero puntura berdinduta. Baina hirugarren partidurako gogoz daude, etxean jokatuko duten lehenengoa izango baita. VRAC Quesos Entrepinaresen aurka lehiatuko dute zapatuan 17:00etan Urbietan. Valladolideko taldea bost puntugaz zortzigarren postuan dago sailkapenean, bigarren jardunaldian Ciencias Enersideri 13-12 irabazi eta gero.
Gernikako zaletuentzako egun berezia izango da zapatukoa, denbora asko eta gero, Urbietara gerturatu eta taldea gertutik animatu ahal izango dutelako.