Gorka Idigorasek eta Alain Peñak irabazi dute Gernika-Lumoko Rallya
Iban Altuna eta Estibaliz Armendariz sailkatu dira bigarren, eta Gorka Antxustegik eta Xabat Urrestik osatu dute podiuma. Julen Bilbao saria Kastinparro Racing-eko Ioritz Odiaga eta Arkaitz Kobeagarentzat izan da.
Gernika-Lumoko Rallyak motor hotsez bete du asteburuan udalerria. 28. aldiz lehiatu zuten proba atzo, eta parte hartu zuten 59 autoen artean onenak izan ziren Gorka Idigoras eta Alain Peña.
Iban Altuna eta Estibaliz Armendariz sailkatu ziren bigarren, eta Gorka Antxustegik eta Xabat Urrestik osatu zuten podiuma.
Proba “polita” egiteko asmoz hasi zuten eguna Idigorasek eta Peñak, eta onenen artean bukatu zuten goizeko saioa. “Gure lasterketa egitera atera gara, ez genuen irabaztea pentsatzen. Nahiko ondo hasi dugu eguna, aurrean egon gara, eta, neutralizazioek lagundu egin digute. Izan ere, gure aurretik oso gogor ari ziren autoak zeuden”, azaldu du Idigorasek. Hala ere, garaipena arratsaldean egindako lanaren ondorioa izan zela dio pilotuak: “Goizean lan ona egin dugula ikusita, arratsaldean estutu eta gehiago arriskatu dugu”.
Goizeko tarteak “oso azkarrak” izan ziren, eta horietan arriskatzeak “beldur gehiago” ematen duela aitortu zuen irabazleak. Hala ere, atzo erabili zuten estrategiak balio izan zien, eta helburua bete zuten. “Lan ona egiteko asmoz etorri gara Gernikara, Euskadiko Rally Txapelketan lehenengo hiruren artean sailkatzeko aukera geneukalako. Goizean ondo genbiltzala ikusi eta arratsaldean gehiago estutu dugu, helburua guztiz betez”.
Lehen momentutik, euren Renault Clio Sportean gustura joan zirela azpimarratu du Idigorasek. “Dena ondo joan da; kotxea primeran joan da, eta oso pozik gaude”.
Euskaldiko Rally Txapelketa, berriz, Ioritz Odiaga eta Arkaitz Kobeagarentzat izan da. Esku-eskura zuten txapelketa Gernikara hurreratu aurretik, eta hala mantentzea lortu zuten atzokoan.
Hain zuzen, Kastinparro Racing-eko Odiaga eta Kobeaga izan ziren Julen Bilbao tarteko azkarrenak. Euren atzetik sailkatu ziren Gernika Racing-eko Aratz Zarakondegi eta Aitor Kortazar, eta hirugarrenak izan ziren Iparralde Racingeko Ugaitz Basaras eta Ander Bikandi.
Gernika Racingeko antolatzaileek euren esker ona adierazi diete herritarrei, rallya ikustera gerturatzearren. “Ez da lan erraza izan. Urtez urte oztopo gehiago izaten ditugu, baina azkenean herriaren erdigunera itzuli gara. Eskerrik asko boluntarioei zuen prestutasunagatik eta herritarrei rallya ikustera gerturatzeagatik”.