Memoria lantzen jarraitzeko, crowdfunding kanpaina abiatu du Gernika Batzordeak
Gernika Batzordeak 45 urteko ibilbidea du, eta bide hori kontatzeko ikus-entzunezkoa grabatu dute. Edizio lanetan ari dira, urriaren 22an Lizeo Antzokian aurkezteko, baina proiektua finantzatzeko crowdfunding kanpaina abiatu dute orain.
Gernika Batzordeak diktadura garaitik gaur arteko bilakaera du, eta ibilbide hori biltzen duen ikus-entzunezkoa prestatu du. Urriaren 22an Zine Klubarekin batera, Gernika-Lumoko Lizeo Antzokian aurkeztuko dute, baina proiektua finantzatzeko crowdfunding kanpaina abiatu dute orain; Itsulapiko plataformari esker jarri dute martxan kanpaina eta urriaren 24ra bitartean ekarpenak egiteko aukera egongo da.
Biltzen duten dirua proiektuan izandako gastuak eta hainbat pertsonek egindako lana ordaintzeko bideratuko dute: “Borondatezko lanaz gain, lan profesionala ere behar izan dugu”.
Ikus-entzunezkoak 45 urtez egindako lana ezagutarazteko balioko du, protagonisten ahotsak abiapuntu hartuta. Izan ere, bonbek txikitutako bizitza eta bizipen zatiak batu eta “kontakizun kaleidoskopikoa” eraikiz, herri memoria egiten aritu da Gernika Batzordea 45 urtez. Are gehiago, momentu historiko bakoitzaren zerbitzura jarri da, beti gatazka politikoen aurrean soluzioak bilatu asmoz. “Gure txori koloristak gizabanakoen eta kolektiboen eskubideen alde txioka jarraituko du”, esan dute batzordekideek.