Gaueko aisialdia 03:00ak arte
Ostalaritzaren eta kultur eta merkataritza jarduera guztien itxiera bi orduz atzeratzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak: goizaldeko hirurak arte. Ostalaritzako eta jatetxeetako establezimenduetan %75eko edukiera onartuko da barrualdean, eta barran ezingo da kontsumitu. Toki itxietan zortzi laguneko taldeak onartuko dira, eta kanpoan hamabikoak. Neurriak bihar sartuko dira indarrean.
Gaueko aisialdia luzatzea erabaki du gaur Labi Babes Zibileko Planaren aholku kontseiluak. Hala, bihartik aurrera, 03:00ak arte zabaldu ahal izango dute ostatuek. Bizkai, Gipuzkoa eta Arabako ostalaritzaren eta kultur eta merkataritza jarduera guztien itxiera bi orduz atzeratzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak; orain arte 01:00etan itxi behar zuten establezimenduek.
Aholku batzordeak, gainera, diskotekak eta gaueko aisialdiko gainerako establezimenduak berriz zabaltzeko baimena eman du, barruan %50eko edukieragaz eta barran edo zutik kontsumitzea debekatuta. Dantzalekuak maskara jantzita erabili ahal izango dira.
Ostalaritzako eta jatetxeetako establezimenduetan %75eko edukiera onartuko da barrualdean, eta barran ezingo da kontsumitu. Toki itxietan zortzi laguneko taldeak onartuko dira, eta kanpoan hamabikoak. Txoko antzera jokatu beharko da. Gazteen lokalak irekitzea onartuko da 16-29 adin tartean gazteen %85 txertatuta daudenean; gaur egun %66 daude txertatuta.
Edukiera, oro har, % 75ekoa izango da leku guztietan, salbuespen batzuekin: 3.000 pertsonatik beherako esparruetan 1.500 pertsonatik beherakoa izango da barnealdean, eta 1.800 kanpoaldean; 3.000 lagun baino gehiagoko esparruetan, edukiera ezin izango da %40 baino handiagoa izan barrualdean, eta %60 baino handiagoa esparru irekietan.
Kirol jarduera eta antzekoetan barruan 1.500 lagun batu ahal izango dira gehienez, eta 1.800 kanpoko jardueretan.
Oinarrizko prebentzio neurriei eutsiko zaie: maskara erabili beharko da, adibidez, toki itxietan eta jendea elkarrengandik hurbil dagoenean.
“Bihar sartuko da indarrean dekretu berria“, jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik, eta neurriak hamabost egun barru berrikusiko dituztela gaineratu du. Neurriak arinduta, “trantsizio” egoera abiatu dutela dio, eta hiru arrazoi eman ditu erabakia ulertzeko: txerta daitezkeen herritarren %85ek txertoa hartu dutela eta arindu egin dela izurriaren larritasuna, ZIUetan gaixo gutxiago daudela eta joera beherakoa dela, eta hamalau eguneko intzidentzia tasa metatua apalagoa dela orain (150 kasukoa).