Umeentzako ur parkea egingo dute Morgan
Morgako Andra Mariko jolasgunearen inguruan kokatuko duten ur parkea datorren urterako eginda egotea espero dute. Herriari bizitasuna ematea da udalaren helburua.
Morgako Andra Mari auzoan umeentzako 80 metro kroadroko ur parkea egingo du Morgako Udalak. Maria Teresa Artetxe alkateak adierazi duenez, herriari bizitasuna ematea da udalaren helburua, eta, bide batez, herriko ekonomia berpiztea. Ur parkea 2022ko udarako prest izatea espero dute.
“Gero eta jende gutxiago bizi da herrian, eta gero eta ume gutxiago daude. Bertoko umeak Larrabetzuko pistinetara edota Fruizekoetara, edo hondartzetara joaten dira udan, eta ez dira herrian geratzen. Hori horrela, gazte horiei beste aukera bat eskaintzea pentsatu genuen, eta ur parkea egitea erabaki”, adierazi du Artetxek.
Proiektu berriagaz herritarrak herrian geratzea bultzatzeaz gain, inguruko herritarrak Morgara hurbiltzea bilatu gura dute, herriko ekonomian eragiteko: “Lagun taldeak sortuko ziren, eta jendea egun pasa etorriko zen Morgara. Herriak bizitasun gehiago izango du ur parkeagaz, eta horrek herrian kontsumitzea bultzatuko du. Dena kate bat izatea espero dugu”.
Morgako Andra Mariko jolasgunearen inguruan kokatuko dute ur parkea, bertan gune berde bat dagoelako. “Instalazioak bertan jartzea pentsatu dugu, izan ere, herriko jolasguneak daude han. Futbol zelaia, umeen jolas parkea, herrigunea…”. Instalazioak txorroen gunea eta hainbat jolas izango ditu. Esan dutenez, txorro batzuek indar gehiago edo gutxiagorekin jaurtiko dute ura.
Instalazioa jartzeko erraza da, ez duelako ur kaxarik ezta kloroa dosifikatzeko instrumenturik behar. ” Pistinara eginez gero, aldagelak egin behar dira eta sokorristak kontratatu. Inbertsio handia eta mantenimendu handia izango zen”, adierazi du alkateak.
Lehenengo urtea, proba modura. Udal ordezkariek ez dakite ur parkeak zenbat ur kontsumituko duen, eta lehenengo urtea hori neurtzeko erabiliko dute. “Parkea eraiki eta lehenengo urtean proba bat egingo dugu, mekanismo guztia jarriko dugu martxan, eta urte guztian zehar erabiltzen den ura neurtuko dugu”. Emaitzetatik ondorioak aterako dituzte, eta txorroek erabiltzen duten ura berrerabiltzeko beste inbertsio bat egin daitekeen edo ez erabakiko dute: “Lehenengo urtean gainera, berrerabiltzen ez den ur horri beste erabilera bat emango diogu; morga ureztatzeko erabiliko dugu, edota kotxeak garbitzeko”.
Proiektua eginda dago, baina oraindik ez da esleitu; lizitazioaren prezioa 99.954,12 eurokoa da. Datorren urterako ur parkea prest izatea gustatuko litzaieke udal arduradunei. Parkea gauzatzeko udalak aldundiaren 30.000 euroko diru-laguntza du.