Urruzuno literatura lehiaketako saridunen lana aitortu du Hezkuntza Sailak
Sarituen artean daude Gernika BHIko Ekaitz Martin Perez eta Unax Muniozguren Alonso ikasleak. Bost egunez Arantzako aterpetxean (Nafarroan) egon dira, sormena lantzeko tailerretan eta beste hainbat jardueretan parte hartuz.
Euskaraz idazteko zaletasuna gazteen artean sustatzeko Urruzunotarrak gehituz literatur lehiaketaren 20 saridunei euren lana aitortu die gaur Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak. Sarituen artean daude Gernika BHIko Ekaitz Martin Perez eta Unax Muniozguren Alonso ikasleak.
Bost egunez Arantzako aterpetxean (Nafarroan) egon dira, sormena lantzeko tailerretan eta beste hainbat jardueretan parte hartuz. “Berriro ikasturteari heldu aurretik elkarrekin egun gogoangarri batzuk pasatzeko aukera eduki dute”, adierazi dute antolatzaileek. Izan ere, hori izan da irabazleen sari nagusia. 2021eko lehiaketaren irabazleekin batera, iazko sarituak ere bertan izan dira, aurreko urtean ezin izan baitzen ekitaldirik burutu, pandemia tarteko. Iaz Gernika BHIko Elena Agirre saritu zuten.
Arantzako egonaldian Eñaut Elorrieta, Yolanda Arrieta, Fernando Morillo eta Eneko Aizpurua egon dira besteren artean. “Idazle, musikari eta sortzaileekin gertuko eta zuzeneko harreman izan dute gazteek”, diote. Jakinarazi dutenez, Eñaut Elorrietaren gitarra eta ahotsek ahaztezin bihurtu dute idazle gazteen egonaldia, eta Arrietaren eskutik, literatura tailerretan parte hartzeko aukera izan dute. Eneko Aizpurugaz ibilbide literarioa osatu dute Bortzirietako parajeetan, idazlearen Bidasoan gora lana abiapuntu hartuta. Horiez aparte, Andoni Egañak eta Jon Maiak giroturiko bertso bazkariaz eta gaubela literarioaz gozatu dute. “Sormena lantzeko eta literatura zaletasuna pizteko aukera polita da gazteentzat”.
Literaturaz gain, kirol jarduerarik egiteko aukera ere izan dute. Espeleologia eginez, Arruzpiko kobazuloa bisitatu baitute saridunek.
2021ean sarituak izan diren lan guztiekin liburua argitaratu du Hezkuntza Sailak Sagastiberri bilduman. Liburua laster banatuko da eskola guztietara, eta parte hartzaile guztiei ere bidaliko diete.
36 urteko ibilbidea. Hezkuntza Sailak 1986an antolatu zuen lehen aldiz Urruzuno literatura lehiaketa. Hasieratik lehiaketaren helburua izan zen ikasleen artean euskaraz idazteko zaletasuna indartzea, bai prosan zein poesian. Hala, belaunaldi gazteenek euskaraz sortutako literatura lanak zabaldu ditu lehiaketak urte luzez, eta helburuak bete dituztela diote: “Azken hamarkadetako jardunak ondo frogatu du lehiaketak bere xedea ongi bete duela. Irabazle horietako asko euskal kultur munduan sinadura ezagunak dira gaur egun, bai literaturan, kazetaritzan, bertsolaritzan edo zinemarako gidoigintzan”.