Urriko lehen eta azken asteleheneko azokak bertan behera utzi ditu udalak
Udalak azaldu dutenez, ekitaldi jendetsuak egiteko baldintzak oraindik ez dira betetzen.
Beste urte batez, Urriko Lehenengo eta Azken Astelehenetako abeltzaintza eta nekazaritza azokak bertan behera geratu dira koronabirusaren ondorioz. Gernika-Lumoko Udalak herritarrei festarik ez egiteko eskatu eta erantzukizunez jokatzeko deia egin die, “aurten ere ez delako bidezkoa”. Segurtasun neurri guztiak “zorrotz” betetzeko ere eskatu dute udal agintariek.
Pandemiak eraginda, eta herritarren segurtasuna bermatu asmoz hartu dute erabakia. Hori horrela, ez da ohiko jendetza batuko hilaren 4an eta 25ean: “Aurten, berriz ere, bizi dugun egoerara egokitu behar dugu, ekitaldi jendetsuak egiteko beharrezko diren baldintzak ez direlako oraindik betetzen”.
Bi azokak duela 650 urte baino gehiago sortu ziren, eta hiribilduak jai egun bi horiek ospatzeko eskubidea izan du. Urteak joan ahala, gainera, gero eta garrantzi handiagoa hartu dutela diote udal ordezkariek. Hain zuzen, zehaztu dutenez, 36ko Gerrak eta iazko pandemiak bakarrik lortu dute lehen sektoreko bi azoka esanguratsu horiek bertan behera uztea.