Muruetako herriko tabernako eraikina berriztatu egingo dute
Muruetako Udalak aditzera eman duenez, herriko taberna kokatuta dagoen eraikina zaharberritzeko lanak martxan dira.
Elkartzeko puntu oso esanguratsua da aipatutako eraikina, izan ere, era askotako funtzioak betetzen ditu: taberna, jatetxea, Muruetako Udaleko osoko bilkurak egiteko gunea, biltegia eta abar. Hori dela eta, eraikineko zenbait puntu eraldatu eta moldatu egingo dituzte. Jadanik hasita dauden obrek hiru ardatz izango dituzte: batetik, fatxada zaharberrituko dute; zaharberritze lanez gain, isolamendu sistema berria ere jarriko dute, aspaldion hezetasunak kaltetuta egon delako.
Bestetik, berriz, terraza eremua ere isolatuko dute, hori ere hezetasunetik babesteko; espaziio horretan, gainera, baldosa guztiak aldatuko dituzte. Hirugarren puntua, aldiz, herriko tabernako eraikinaren erdi bat okupatzen duen espazioa guztiz eraberritzea da: gune hori berbaldiak, erakusketak eta parekoak egiteko erabili izan dute orain arte, eta orain funtzioz aldatuko du. Udaleko osoko bilkurak egiteko baliatzen duten udaletxeko esparrura igaroko dira, aurrerantzean, aipatutako ekintza mota guztiak; berriztuko duten eraikinaren zati horretan, ostera, udal kontsultategi berria atonduko dute.
Orain arte, udal kontsultategia errepideaz bestaldeko eraikin zaharrean egon da. COVID-19aren krisialdian, inguruko beste hainbat herritan legez, zarratuta izan dute, beharrezko baldintza denak betetzen ez zituelako. Hemendik aurrera, beraz, toki publiko, egokiago eta praktigoago batera pasatuko dute kontsultategia, herritarren eskura izan dezaten.