Doma Klasikoko diziplinan nagusitu da gernikarra.
Espainiako Poney Txapelketako Doma Klasikoko diziplinan nagusitu da Maite Calzada.
Ekainaren 21etik 27ra bitartean Segovian (Espainia) lehiatu zuten poney txapelketa, eta C kategorian nagusitu zen 14 urteko gernikarra. Lehenengo bi egunetan irabazi egin zuen bere kategorian, eta hirugarren jardunaldian bigarren geratu zen. Hala, Espainiako txapelketa irabaztea lortu du.
Urte guztian zehar emaitza onak lortzeko lan egin du Calzadak, eta haren gurasoek Calzada garaipenerako lehian egotea espero zuten arren, ez zutela espero Espainiako Txapelketa irabaztea diote: “Espainiako Poney Txapelketa irabazlea asko da, lan asko dago atzean eta ez da erraza. Urte guztian zehar horretarako lan egin du, eta oso pozik dago. Ezagutzen ditugu kategoria berdinean ari diren lehiakideak, eta garaipenerako borrokan egotea espero bagenuen ere, ez genuen irabaztea espero”.
Duela bost urte hasi zen hipikan Calzada, eta 2019an hasi zen lehiatzen. Espainiako txapelketara aurkeztu zen orduan, eta oraingoa irabazita, irailean txiki mailako Espainiako Txapelketara aurkeztuko da. “Irailekoa zaila izango da, poneyak ez ezik, zaldiek ere lehiatuko dutelako. Bere asmoa finalean sartzea da, hori lortuz gero, teknifikaziora joatea lortuko duelako”.