2018ko Kontxako Banderaren auzian, Espainiako Auzitegi Gorenak ere arrazoia eman dio Urdaibairi
Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak iaz erabakitakoa berretsi du Espainiako Auzitegi Goreneko Kontentziosoko Epaitegiak.
2018ko Kontxako Banderak uretatik epaitegietara jauzia eman zuen, eta gaur gaurkoz, auzitegiak Bermeoko klubari arrazoia ematen ari dira. 2018an errekurtsoa aurkeztu zuen klubak, eta iazko uztailean bandera eta 24. 000 euroko saria eskuratzeko aukera zabaldu zitzaion. Izan ere, iaz Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak klubari arrazoia eman zion 2018ko Kontxaren zigorrari dagokionez, Lehiaketa Batzordeak eta Donostiako Administrazio Auzitegietarako Lehen Epaitegiak eman zuten erabakia guztiz aldatuz.
Donostiako Udalak Espainiako Auzitegi Gorenera eroan zuen auzia, eta gaur jakin denez, Espainiako Auzitegi Goreneko Kontentziosoko Epaitegiak arrazoia eman dio Urdaibari, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren erabakia berretsiz. Orain, Espainiako Auzitegi Goreneko areto berezian erabakiko da.
Euskal Autonomi Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren ustez, irudiak ikusita, “ez dago arrazoi objektiborik 15 segundoko zigorra jartzeko, eta beraz, Urdaibai izan zen uretan azkarrena”.
2018ko polemika. Lehen jardunaldiko gertaerek sortu zuten polemika: Urdaibaik eta Zierbenak arraunak jo zituzten, eta epaileek Bermeoko trainerua zigortzea erabaki zuten: egun horretako denborarik okerrena baino 15 segundo gehiago ezarri zioten. Hala, Zierbena izan zen sailkapeneko lehena, eta Urdaibai 46 segundora geratu zen. Bigarren jardunaldian Urdaibaik egin zuzen denborarik onena. Ondorioz, Urdaibaik lehen jardunaldi horretako irabazlea izan zen Zierbenak baino 49 segundo gehiago izan zituen sailkapenean. Baina, bosgarren tokian sailkatu zen bandera eroan zuen Hondarribiarengandik 26 segundora.
Lehen jardunaldiaren ostean, erabakiagaz ados ez zeudenez, helegitea aurkeztuko zutela iragarri zuten talde bermeotarraren ordezkariek. Zigorra ez zela “bidezkoa” uste zuten, eta arraunlarien “lana zein haien eta herriaren ilusioak behartuta”, helegitea aurkeztu eta hurrengo domekan banderaren lehian egoteko borrokatuko zirela azpimarratu zuten orduan. “Nahiz eta euren kalean egon, guk ez diegu kalterik egin”, adierazi zuen Joseba Fernandez Urdaibairen orduko entrenatzaileak.