2018ko Kontxako auzian arrazoia eman diote Urdaibairi
2018ko Kontxako zigorra errekurritu egin zuen talde bermeotarrak, eta Euskal Autonomi Erkidegoko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio. Hondarribiak eta antolatzaileek 30 eguneko epea dauka helegitea aurkezteko.
Bermeo Arraun Elkarteko kideek eta Urdaibairen zaleek azken bi urteotan aldarrikatu dute 2018ko Kontxako bandera “eurena zela, bi jardunaldietan azkarrena izan zelako”. Orain dela bi urte errekurtsoa aurkeztu zuen klubak, eta orain, bandera eta 24. 000 euroko saria eskuratzeko aukera zabaldu zaio; Euskal Autonomi Erkidegoko Auzitegi Nagusiak klubari arrazoia eman dio 2018ko Kontxaren zigorrari dagokionez, Lehiaketa Batzordeak eta Donostiako Administrazio Auzitegietarako Lehen Epaitegiak eman zuten erabakia guztiz aldatuz. Hondarribiak eta antolatzaileek 30 egun dituzte helegazioa aurkeztu gura badute.
“Ezarritako zigorrik gabe, Bermeo izan zen onena bi igandeetako denboraren baturan. Horregatik Bandera klubaren bitrinetara iristeko itxaropena sortzen da”, azaldu dute Bermeo Arraun Elkartearen arduradunek.
Euskal Autonomi Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren ustez, irudiak ikusi ondoren, “ez dago arrazoi objektiborik 15 segundoko zigorra jartzeko, eta beraz, Urdaibai izan zen uretan azkarrena”.
2018ko polemika. Lehen jardunaldiko gertaerek sortu zuten polemika: Urdaibaik eta Zierbenak arraunak jo zituzten, eta epaileek Bermeoko trainerua zigortzea erabaki zuten: egun horretako denborarik okerrena baino 15 segundo gehiago ezarri zioten. Hala, Zierbena izan zen sailkapeneko lehena, eta Urdaibai 46 segundora geratu zen. Bigarren jardunaldian Urdaibaik egin zuzen denborarik onena. Ondorioz, Urdaibaik lehen jardunaldi horretako irabazlea izan zen Zierbenak baino 49 segundo gehiago izan zituen sailkapenean. Baina, bosgarren tokian sailkatu zen bandera eroan zuen Hondarribiarengandik 26 segundora.
Lehen jardunaldiaren ostean, erabakiagaz ados ez zeudenez, helegitea aurkeztuko zutela iragarri zuten talde bermeotarraren ordezkariek. Zigorra ez zela “bidezkoa” uste zuten, eta arraunlarien “lana zein haien eta herriaren ilusioak behartuta”, helegitea aurkeztu eta hurrengo domekan banderaren lehian egoteko borrokatuko zirela azpimarratu zuten orduan. “Nahiz eta euren kalean egon, guk ez diegu kalterik egin”, adierazi zuen Joseba Fernandez Urdaibairen orduko entrenatzaileak.
“Uretan irabazitakoa bulegoetan kendu” zietela esan zuten orduan. Hala, bigarren jardunaldia amaituta, Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia jaien barruan, txapeldunen pareko harrera egin zieten Arrantzale Egunean, Lameran.