Osasun neurriak betetzeko, adimen artifiziala baliatuko dute
Bermeoko Udalak 'LasAI’ izeneko adimen artifizialdun programa herriko kultur ekitaldietan aplikatuko du, babes neurri guztiak bete daitezen.

Bermeoko Udalak, ‘Neure’ startup teknologikoaren erabileragaz, herriko ekintzaile gazteak bultzatzea eta egungo garaiotara egokitutako babes nahiz segurtasun neurriak bermatzea bilatu du. Horretarako, iazko Busturialdeko Enpresa Lehiaketan gailendu zen Ibon Reinoso ekintzaile bermeotarra eta bere lantaldea aukeratu ditu. Gaur, Bermeoko Kultur eta Gizarte Etxean egin den aurkezpenean, lanerako akordio horren berri eman dute Bermeoko alkate Aritz Abaroak eta Ibon Reinosok berak.
Aurkezpen ekitaldian azaldu dutenaren arabera, aipatutako eskualde mailako sariketan ‘ArrAIn’ izeneko proiektua aurkeztu zuten; egitasmoaren helburua atunontzien arrain harrapaketak modu teknologikoan monitorizatzea zen. Txapelketa irabazi ondoren, baina, lantaldea osatzen duten lau kideek ‘Neure’ aplikazioa sortu dute, Bermeoko Udalagaz harremanetan ipini dira eta, azkenik, kolaborazio horren fruitua iritsi da: kultur ekimenetan segurtasun neurriak betetzen direla ziurtatzen duen sistema edo startup-a.
‘LasAI’ sistema. Adimen artifizialdun egitasmo horrek kultur ekintza gauzatzen den eremuko pertsonek musukoa jantzita dutela eta elkarren arteko distantziak errespetatzeko hutsik uzten diren jesarlekuetan inor jartzen ez dela ziurtatzen du. Baldintzotako baten bat luzaroan betetzen ez dela detektatuz gero, espazio horretako arduradunari ohartarazpen bat bidaltzen dio, neurriak har ditzan.
Udalaren eta startup-aren arteko elkarlana Bermeo eremu gorrian zegoenean abiatu zen: Mikel Urdangarinek Artza frontoian eman zuen kontzertuan, aforoa eta eremura egindako sarrerak zein irteerak teknologikoki kontrolatu ahal izan zituzten; horren ondorio da eremu barruko gertakariak (musukoaren erabilera, distantziak…) kontrolatzeko sortu duten aplikazio hori. Gaur egun, sistema hori Nestor Basterretxea aretoan daukate, baina ez dute alboratu “etorkizunean beste ekimen batzuetan aplikatzea”.
Fidagarritasuna, helmuga. Segurtasunerako aplikazio hori garatzen joan diren heinean, bere doitasun mailak ere hobera egin du: lehendabiziko saiakeran, %80ko fidagarritasuna izan zuen; gaur egun, baina, %93ra igo dute bere eraginkortasuna. Horrez gain, programak, jasotzen dituen inzidentziekin, memoria bat sortzen du eta bilketa horrek, hain zuzen ere, balantze funtzioa betetzen du lekuko kultur beharginentzat, hobetu beharreko aspektuak ikustaraziz.
‘LasAI’ aplikazioa, Reinosok argitu duenez, “merkatuan dago, eta detektatu behar dituen patroiak guztiz moldagarriak dira, bezero bakoitzaren beharretara egokitzeko”. Aritz Abaroak azaldu du akordio hori “herriko ekintzaile gazteen lanaren ondorioa” eta “egungo osasun egoerari aurre egiteko lanabes bikaina” dela.