Itxaroten jakitearen garrantzia
Aitor Etxebarriaren ibilbidea Hannot Mintegiaren begiradatik ikusi ahal izango da ‘Itxaroten jakin’ dokumentalean. Azkenengo ikutuak ematen ari dira, eta uda ostean estreinatu gura dute.
Une edo momentu jakinetan itxaroten jakitea zer den erakusten duen lana da Itxaroten jakin dokumentala. Aitor Etxebarria da protagonista, eta Hannot Mintegia zuzendaria. Musika munduagaz zuzenean lotu behar diren bi artista dira gernikarrak, eta musikak markatutako ikus-entzunezkoa sortzen ari dira orain.
Aitor Etxebarria musikaria da protagonista, hari buruzko film luzea baita Mintegia zuzentzen ari dena.
Musikaren munduan sartu zenetik gaur egunera arteko Etxebarriaren ibilbidea erakutsiko du dokumentalak. Asko dira musikariek euren ibilbidean bat-batean hartu behar dituzten erabakiak, baina zain egoten jakin du Etxebarriak, eta hori biltzen du ikus-entzunezkoak. “Momentu batzuetan, zein bide hartu gura duzun erabakitzeko, itxaron egin behar da. Erabaki onak hartzeko itxaroten jakin behar dela uste dut, batez ere musikarien bizitzetan, baina baita bizitzan ere. Izan ere, gaur egun dena dator oso arin, frenetikoa da dena, eta badirudi oso azkar hartu behar direla erabakiak. Hannotek dio nik jakin dudala itxaroten, eta momentu askotan erabaki garrantzitsuak lasai hartu ditudala”, aitortu du.
Momentu bat aipatuta, Berlinera edo Londresera bizitzera joateko aukera kontatu du: “2014. urtean elektronikako eszenan izen handia hartu nuen El Txef_a bezala, eta Berlineko manager bategaz lan egiteko aukera izan nuen, baita Londreseko argitaletxe handi bategaz lan egitekoa ere. Leku horietara bizitzera joateko aukera eskura nuen, baina hausnartzeko denbora hartu eta etxean gelditu nintzen. Markak egiteko aukera eskaini zidaten, eta horretara bideratzea erabaki nuen”. Bide hori bere senari jarraituta hartu zuen, eta erabakia ez lukeela aldatuko dio.
Aitor Etxebarria: “Zein bide hartu gura duzun erabakitzeko itxaroten jakin behar dela uste dut”
Itxaroten jakiteak Etxebarriak bidaietan itxaron behar duen denbora guztiari ere egiten dio erreferentzia. “Dokumentalak musikarien bidaien errealitatera ere hurbiltuko ditu ikusleak”, dio Etxebarriak.
Nueva York, Brasil, Mexiko, Berlin… mundu zabalean eman ditu kontzertuak musikari gernikarrak, eta bidaia horietan ere itxaroten jakin duela dio Etxebarriak: “8 edo 10 orduko bidaiak egin eta gero, batzuetan ez da sustatzailea agertzen, edota kontzertua emango duzun lekuan ere asko dira igaro ditudan orduak. Denbora asko pasatu dut zain egoten“.
Zain egoteko une horietako batean, Mintegiagaz berbetan, zain egoten ematen duen denborari buruz hausnartzen hasi zen Etxebarria, eta handik dator dokumentalaren izenburua: “Mexikon geunden, eta itxaroten pasatzen dugun denboraz hausnartu genuen. Zenbat denbora egiten duen bidaiatzen, bakarrik bidaiatzen, ikusleei itxaroten… Hor otu zitzaigun dokumentalaren izena”, aitortu du Mintegiak. Handik abiatuta, Etxebarriak bere bideari jarraitzeko erabakiak hartzeko unean egindako geldiuneak ere nabarmendu dituzte.
10 urteko bidea
Nazioarteko bidaia horietako askotan bakarrik egon da Etxebarria, baina, beste batzuetan, Mintegia izan du bidelagun. Hamar urtean batera bidaiatu dute askotan. ”Lehenengo aldia 2011 izan zen. Vienan eman behar nuen kontzertura batera joan ginen. Orduan sortu zen zerbait grabatzeko ideia. Hasieran, nire ibilbidea jaso gura zuen Hannotek, gero sortze prozesua edota pertsona artistiko baten bizimodua zelakoa zen”. Azkenean, Etxebarriaren ibilbidea lantzen duen lana da, bere sortze prozesuetan sakonduz eta aktibo dagoen artista baten egunerokoa zelakoa den agertuz.
Hasieran grabatutako bideoekin ez zekitela zer egin onartu du Mintegiak: ”Ia 10 urte daramatzat Aitorregaz bidaiatzen: kontzertuak, grabazioak edota sortze prozesuak jaso ditut. Hasieran, ez genekien oso ondo zertarako grabatzen ari ginen, baina bagenekien zerbait egingo genuela. Azkenean, duela bost urte erabaki genuen dokumentala egitea, AEBetatik eta Hego Amerikatik bidaia luze bat egin eta gero. Hala eta guztiz ere, ez genekien zein forma eman behar genion oraindik”.
Duela bi urte finkatu zituzten formatua eta edukia, Evelyn Glenniegaz kolaboratu eta gero. “Munduko artista desberdinekin Aitorrek egin dituen kolaborazioak ere ezagutarazi gura genituela otu zitzaigun, eta bat-batean Glenniegaz grabatzeko aukera sortu zen. Bere estudiora joan ginen grabatzera, eta geneukan materiala ikusita, hori ere dokumentalean sartu behar zela pentsatu genuen”, adierazi du Mintegiak.
Mundu mailako artista askogaz lan egin du Etxebarriak, eta anitza da gernikarrak bere inguruan duen “ekosistema”. “Dokumentalean mundu mailako artista asko agertzen dira, bidean ezagutu ditugunak. Eurekaz lanean agertuko naiz, eta eurek nire ibilbidea zelan jarraitu duten kontatuko dute. Adibidez, Daniel Miller musika produktore ezaguna, Mute Records zigiluko burua eta Depeche Mode taldea ezagun egin zuena agertuko da. Jose Lastra, Evelyn Glennie, Santi Salvador eta beste asko ere ageri dira, hamar urtean jende askogaz batu garelako”.
Hala ere, Glennie ezagutu zuten momentua nabarmendu dute biek, “oso berezia” izan zela esanez. “Momentu berezi asko daude, baina bat aukeratzekotan, Glenniegaz bere estudioan grabatu izana azpimarratuko nuke. Ikaragarria izan zen. Oso profesionala eta gertukoa da artista, momentu magikoa izan zen. Aitorren inguruan magia asko dago, ez dakit zergatik”, dio Mintegiak.
Lagun baten begirada
Dokumentalean Etxebarriaren egunerokoa ageri da, “Aitor hausnartzen, konposatzen, kontzertuak eskaintzen…”. Eta hori guzti hori, “Hannoten begiradatik” agertuko dela dio Etxebarriak: “Hannot lagun ona da. Askotan ez dut nabaritu nire ondoan dagoela ere. Lagun baten ikuspuntutik nire ibilbidea zelakoa izan den ikustea berezia da. Hurbileko lagun baten begira da ageri dena, ez da objektiboa, bere begietatik ikusitako bidea baizik. Niretzako oso berezia da bera nigaz etorri izana bidaia askotara eta nire sortze prozesuaren parte izatea. Bere estetika artistikoa ikaragarria da, asko eragin didana. Elkar elikatu dugu. Berak egin behar zuen dokumentala bai edo bai, ez daukat zalantzarik”.
Hannot Mintegia: “Duela 10 urte hasi nintzen honegaz, eta lanik pertsonalena da, duda barik”
Etxebarriaren esperientzia asko gertutik ezagutu ditu Mintegiak, baina lana elkarlanean egin dutela adierazi du berak ere: “Aditua naiz Aitorren materian. Dokumentala egiteko aukera guztiak eskaini dizkit, baina elkarlanean egin dugun proiektua da”.
Etxebarriak orain arte bizitakoa betikotuko du lan honek; hala ere, dokumental artistiko bat dela adierazi dute: “Artistikoki aktiboa den pertsona bati buruzkoa da. Normalean artista baten momenturik onenak bere ibilbidea amaitzean kontatzen dira, baina ez da kasua. Gu momentu ona bizitzen ari gara eta hori ere erakutsiko dugu dokumentalean”. Bizi izandakoak ikusiko dira, onak eta ez hain onak. “Gehiago dira onak, txarretatik ere ikasgai onak atera behar direlako. Denbora asko egin dut bakarrik, eta bidaia horiek guztiek dakartzaten bakarrizketak ere ageri dira. Aireportuetan hainbat orduz egon naiz, lo gutxi eginda, beste leku batzuetara joateko. Horrek gauza positiboak dira, jende asko ezagutu dudalako, baina baita gogorrak ere. Bakarrik bidaiatzearen historia asko ageri da dokumentalean”, adierazi du Etxebarriak.
Momentu garrantzitsuetako bat El Txef_a ezizena alde batera uztea izan zen. Hala kontatu du Mintegiak: “Sortze prozesu, kontzertu eta bidaietako ordu galduez gain, bere bizitzako momentu esanguratsuenak ere agertzen dira. Horietako bat da ezizena alde batera uztea eta bere izenari garrantzia ematea. Mundu elektronikoan oso ezaguna zen, baina ezizena kendu eta beste errealitate batean murgildu zen. Momentu zailak ere ageri dira, noski”.
Musika protagonista
Dokumentala musikari buruzkoa da, eta soinuak garrantzia handia dauka. Irudiak eta soinuak eratzen dute kontakizuna, musika helduleku nagusietako bat izanez. “Momentu batzuetan musikaren arabera pentsatu ditugu sekuentziak. Pisu handia daukate kantek, baina baita kanta horiek nola nahasten diren soinuagaz eta gertatzen ari denagaz ere”.
Ez da, beraz, lan kronologikoa, eta Mintegiak adierazi du Xabier Larrazabalek lagundu diola gidoiagaz. “Sentsazioen, ideien eta musikaren inguruan sortutako lana da, ez da dena kronologikoki lantzen”.
Orain arte ez du horrelakorik egin Mintegiak, eta hau dela bere lanik “pertsonalena” dio, “dudarik barik”. “Oso pertsonala da, ze duela hamar urte hasi nintzen, ondo jakin barik zertan, eta oso ondo joan da. Nik grabatu dut dena, baina jendea ere proiektura gehituz joan da, Filmakeko Oier Plaza, esaterako. Bera da argazki zuzendaria orain. Oso gustura nabil lanean, berezia da proiektua. Bultzada batek mugitu gaitu, gure gozamenak”, adierazi du dokumentalaren zuzendariak.
Postprodukzio lanean ari dira orain, eta oso landua izango dela diote. “Edukiak badaude, muntatuta dago dena. Soinu banda egin du Aitorrek, eta hori lantzen ari gara orain, soinua Jose Lastragaz eta Santi Salvadorregaz tratatzen. Postprodukzioari garrantzi handia eman diogu, musikak leku handia duelako lan honetan”, azpimarratu du Mintegiak. Soinu banda konposatzeko bidaia luzeetan sortutakoak berreskuratu ditu Etxebarriak, horiek dokumentalaren parte izateko.
Hamar urteko ibilbideko azken kilometroetan daude, eta egindakoagaz oso gustura. “Prozesu luze bat izan da. Jakin dugu zerbait genuela esku artean, eta orain azkenengo fasea lantzen aritzea pozgarria da. Ni oso pozik nago, azken txanpan murgilduta, eta dokumentala amaituta ikusteko gogotsu”, kontatu du Etxebarriak.
Ez da batera lan egiten duten lehen aldia, baina bai zinemara bideratutako ikus-entzunezkoa prestatzen duten lehen aldia. “Erronka bat da, baina asko gustatzen zaidan genero bat ere bada. Bestelako esperientzia bat da zinemetan ikusiko den ikus-entzunezkoa sortzea. Horrek gauza gehiago egitea ahalbidetzen du, gehiago arriskatu daiteke, izan ere, ikusleak ez dira aretotik aterako dokumental guztia amaitu bitartean. Telebistan ez da hori gertatzen. Tamainak eta isiluneak ere desberdinak dira, eta ikusleen arreta berenganatzeko bestelako estrategiak erabiltzen dira”, dio Mintegiak.
Dokumentala uda ostean, urteko azken hiruhilekoan estreinatuko dutela esan du Etxebarriak: “Ez dakigu non, ez zelan, baina seguru jaialdi esanguratsuren batean estreinatuko dugula”. Hori, jaialdien egutegiaren araberakoa izango dela zehaztu du Mintegiak.
Aurretik ere, dokumentalaren proiektua Miarritzeko FIPADOC jaialdian aurkeztu zutela jakinarazi dute: “Jaialdi garrantzitsua da, mota horretako lanetarako merkatu bat. Eta gu aukeratu gintuzten Kickstarter plataforman patrozinatzeko proiektu bezala. Mundu zabaleko bost proiektu aukeratu zituzten, gurea tarteko”. Plataforma horren bitartez, jendeari proiektua erakusteko aukera daukate.