Lehenengo arrano arrantzaleak jaio dira Urdaibain
Kantauri kostaldeko lehen bi arrano arrantzaleak jaio ziren atzo, 06:14ean, Urdaibain. Urdaibai Bird Centerreko ardurandunek hirugarren txita baten jaiotza espero dute.
“Eklosio historikoa! Lehenengo arrano arrantzaleak jaio dira Urdaibain”. Hala jakinarazi zuten atzo Urdaibai Bird Centerreko arduradunek Kantauri kostaldeko lehen bi arrano arrantzaleak jaio direla.
06:14ean jaio ziren, baina hegaztien zentrokoek hirugarren txita baten jaiotza espero dute: “Esperantza daukagu, nahiz eta jakin badakigu basa-bizitzaz ari garela, eta txitak edo hegazti gazteak galtzea ez dela arraroa naturan”.
Zehaztu dutenez, hilabete barru, bizirik dirauten gazteei eraztunak jarriko dizkiete, euren migrazio-bidaietan egiten duten bidea jarraitu ahal izateko: “Egun horretan izena jarriko zaie hegaztiei eta, horrela, gertuago sentituko ditugu”.
Jaio dira arrano arrantzaleak, eta, orain, txiten elikaduraz gozatu ahalko da zuzenean, Urdaibai Bird Centerren webguneko kameren bitartez. “Roy eta Landa etengabe arituko dira txitentzako arrainak, muxarrak, lazunak eta platuxak eramaten”.
Arrano arrantzaleen jaiotzagaz, Urdaibaiko Biosferaren Erreserban habitataren kontserbazioa eta horren erakargarriak ez diren edo hain ezagunak ez diren beste espezie batzuen kontserbazioa sustatu ahalko dela diote arduradunek.
Eskerrak eman dizkiete “arrakasta honen benetako arduradunak” diren boluntario guzti guztiei, eta baita ere aldundiari, jaurlaritzari eta Gautegiz Arteagako Udalari: “Erakunde horien parte-hartzerik gabe hau ezinezkoa izango zen”.