'Kerik gabeko gazteak' prebentzio lehiaketan gailendu dira San Fidel Ikastolakoak
Tabako kontsumoak osasunerako dituen arriskuei buruz gazte eta nerabeak informatzeko eta sentsibilizatzeko programan parte hartu dute San Fidel Ikastolakoek.
San Fidel Ikastolako DBH 2B mailakoak gailendu dira ‘Kerik Gabeko gazteak’ lehiaketan, eta gaur jaso dute saria Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkatearen eta Andoni Gamboa Eusko Jaurlaritzako Osasun saileko Bizkaiko lurralde ordezkariaren eskutik.
Hain zuzen ere, tabako kontsumoak osasunerako dituen arriskuei buruz gazte eta nerabeak informatzeko eta sentsibilizatzeko programan parte hartu dute gernikarrek. “Helburua da tabakoa erretzen hasteko adina atzeratzea, tabakoa uztea bultzatzea, tabakoa erretzea ez dela normala erakustea eta tabakorik gabeko bizitzari buruzko sormen jarduerak sustatzea”, azaldu dute antolatzaileek.
Hori horrela, helburu horiek jorratzeko ekimenak eta materialak garatu dituzte ikasleek. Hala nola, tabakoaren konposizioari buruz, tabako industriaren estrategiei edota ez erretzearen abantailei buruz aritu dira. Saioak bukatuta, irudi edota argazki bat sortu behar izan zuten, Ez zaitzatela engainatu tabakoarekin lelopean.
San Fidel Ikastola 2012an hasi zen ekimenean parte hartzen, Kerik gabeko ikasgelak lelopean orduan. 2017-2018 ikasturtean aldatu zuen izena lehiaketak, eta edukiak berritu dituzten arren, helburua bera da: kerik gabeko gizartea bultzatzea.