Errautsetatik preso errepublikarrek berreraikitako Gernika
Memoriaren mapa egin du Gernika-Lumoko Sarek, eta oroimen ibilbidean elkartu ziren zapatuan 100 lagun inguru.
Memoriaren ibilbidean egin zuten herritarrak. Argazkia: Kostan Delgado. 1937ko apirilaren 26an Gernika bonbardatu zuten Kondor Legioko eta Italiako Aviacion Legionariako hegazkinek, eta herria suntsituta geratu zen. Hondamendia eraginda, errautsetatik herria berreraikitzeko lanei ekin zien Francisco Francoren erregimenak. Herria eraikitzeko lan horren zati handi bat, errepublikaren aldeko presoek egin zuten, “frankismoak behartuta”. Errepublikarren lan hori azaleratzeko asmoz, memoriaren mapa egin du Gernika-Lumoko Sarek, eta oroimen ibilbidean elkartu ziren zapatuan 100 lagun inguru.
“Memoriaren mapa baten bidez, preso errepublikarrek berreraikitako Gernika azalarazi gura izan dugu, eta oroimen ibilbideagaz errealitatea lantzen saiatu gara”, adierazi dute Gernika-Lumoko Sareko kideek. Hain zuzen, presoek eraikitako hainbat leku zeharkatu zituzten; tartean, Merkurio ingurua eta Artekale kalea.

Oroigarri sinbolikoa jarri zuten Artekale kalean. Argazkia: Kostan Delgado.
Oroimen ibilbidea historiako pasarteekin batera uztartu zuten, eta errealitateagaz loturak aurkitu zituzten: “Tamalez, atzo eta gaurko erreadiografiari erreparatuz gero, orduan ere preso dispertsatuak izan ziren Gernikan egon zirenak, Andaluziatik eta Estremaduratik Gernikara ekarri zituztelako. Haien eskubideak urratuak izan ziren sistematikoki”.
Historiako pasarteak gogoratzeagaz batera, arte adierazpenek ere lekua izan zuten ibilbidean: bertsolariek bertsoak bota zituzten, eta testuak errezitatu zituzten. Halaber, oroigarri sinboliko bat jarri zuten Artekale kalean, preso errepublikazaleak Gernika eraikitzen ari zireneko argazki bategaz.
Laster Sareko webgunean memoriaren maparen PDFa jarriko dute, eta inork euskarri fisikoan gura izanez gero, eurekin harremanetan jarri beharko da. Preso errepublikarrek eraikitako eraikinetan buzoneatuko dute.