Kirola eginez, oroitu
Astelehenean memoria historikoa landu eta zabaldu gura dute Crossfit Gernikan. Entrenamendu bereziak prestatu dituzte horretarako.
Kirolaren bitartez memoria historikoa landu eta zabaldu gura dute Crossfit Gernikan ere. Astelehenean, duela 84 urte gertatutakoa gogoratuko dute egun horretarako prestatutako entrenamenduetan.
Ohiko saioak izango dira astelehenekoak, baina ariketek datu historikoak izango dituzte. Kontuan hartuko dute, adibidez, zenbat bonba jaurti zituzten Gernikara, edota bonbardaketaren 84. urteurrena dela. «Horrelako zifrak ariketetan txertatuko ditugu: bai errepikapenetan, kalorietan, itzulietan…», azaldu dute arduradunek.
Ideia Gernikan hasi eta Euskal Herriko zein Espainiako Crossfiteko entrenamendu gune guztietan ‘Gernika’ izeneko eguneko entrenamendua egitea da. Eta hori gero nazioartean zabaltzea: «Gertutik hasi eta ahalik eta zabalpen handiena lortu gura dugu. Norbaitek ikusiko du. Eta baliteke oraingoan nahi dugun zabalpena ez lortzea, baina gure ekarpena egin gura dugu». Izan ere, aurton hasi eta hurrengo urteetako apirilaren 26an egiten diren entrenamenduak ‘Gernika’ izena izatea lortu gura dute.
Erantzun «ona» izaten ari da ideia, eta inguruko Crossfit desberdinetako kideek bat egingo dutela adierazi dute: «Gurekin entrenatzen ez dutenek ere guk prestatutako entrenamendua egingo dutela esan digute».
«Apirilaren 26a egun historikoa da Gernikan, eta 1937kon egun horretan hil ziren pertsona guztiak gogoratu eta omendu hira ditugu», adierazi dute.