Txertaketa prozesua "hobeto planifikatzeko" eskatu diote pentsiodunek Jaurlaritzari
Pentsiodunek Eusko Jaurlaritzari eskatu diote txertaketa plan zehatz bat "azkar ezartzeko" eta txertaketa prozesuan "nahasmen gutxiago" eragiteko.
Busturialdeko pentsiodunek Eusko Jaurlaritzari eskatu diote txertaketa prozesua “hobeto planifikatzeko”. Prozesuan “gardentasun gehiago eta nahasmen gutxiago” behar dela aldarrikatu dute gaur Gernika-Lumoko osasun zentroaren aurrean.
Eusko Jaurlaritzaren eta Osasun sailburuaren txertaketa planetan, epe laburrean behintzat, 65 eta 79 urte bitarteko pertsonen bazterketa salatu dute: “Adin tarte horretan bizi garen pentsiodunen gehiengoaren kezka oso nabarmena da. Kezka areagotu egin da azken asteetan kutsatutakoen eta ospitaleratutakoen tasa oso altua izan dela ikusita, bai ospitaleratuen kopuruan zein zainketa intentsiboen unitatean”.
Hori horrela, pentsiodunek jakinarazi dute duela bi aste gutun bat bidali ziotela Osasun sailburuari, euren kezka azaltzeko eta txertaketa plan zehatz bat “azkar ezartzeko” eskatuz. “Eskaera eginda, joan den asteko ostegunean Osasun sailburuak 60 urtetik beherako pertsonek ez zutela AstraZeneka txertoa jasoko adierazi zuen, baina, aldi berean, txerto horrekin 65 urtera artekoak ez ezik, 69 urtera artekoak ere txertatzen jarraituko zituztela”. Barikuan, 70 eta 79 urte bitarteko pertsonek txertoa eska zezaketela adierazi zuen, adinez nagusikoekin hasita, eta martitzenean txertoak amaitu zirela adierazi zuela kontatu dute pentsiodunek: “Beste txerto bat ailega arte itxaroteko esan zien eta horiek noiz iritsiko zain gaude”.
Hori horrela, “nahasmenagaz” amaitzeko eta 65 eta 79 ute bitarteko adin tarte osoa txertaketa planetan sartzeko eskatu dute pentsiodunek gaurko elkarretaratzean.