Erabakitzeko eskubidearen aldeko sinadurak batu dituzte Gernikan
Hamaika Garak erreferendumaren aldeko sinadura bilketa egin zuen domekan. Ekitaldia sinadura bilketa egiteko eta erreferendumaren aldeko mezua gizarteratzeko momentuan pandemiak sortu zuen etena indargabetzeko baliatu zuten.
Hamaika Gara ekimenaren baitako erreferendumaren aldeko sinadura bilketa egin zuten atzo, Gernika-Lumon. Ekitaldia erreferendumaren aldeko mezua gizarteratzeko momentuan pandemiak sortu zuen etena indargabetzeko baliatu zuten, baita eragile desberdinekin adostutako Erreferendumaren Aldeko manifestua babesteko sinadura bilketa berrabiarazteko ere.
Bertsoen doinuek girotuta, erabakitzeko eskubidea aldarrikatu zuten Merkurion. “Auziei buruz erabakitzeko eskubide osoa dugu, eta horretarako, erreferendum bidez erabakitzea posiblea egingo dugu. Bidea hasi dugu, eta hamaika gara bertan bat egiten ari garenak”.
Euren ustez, erabakitzeko eskubidea da gatazkak kudeatzeko eta bakea eta bizikidetza bermatzeko giltza. “Atzerakada demokratikoei herritarrok ahaldunduta, bat eginda eta demokrazian sakonduz erantzun behar diegu”, diote. Baina ez dute edozein modutan erabaki gura: informazio gardentasuna, eztabaida publikoa, deliberazioa eta kontzientzia kritikoa sustatuz erabaki gura dute, aukera politiko guztiei bide emanez.
Urte amaierara arte jarraituko dute estatus politikoari buruzko erreferendumaren aldeko sinadurak batzen. Digitalki Hamaika Gara ekimenaren webgunean sartu eta erreferendumaren aldeko manifestua sinatzeko aukera ere badute herritarrek.
Erronka berria. Sinadura bilketari lotutako erronka bat ere bota dute Hamaika Gara ekimenaren eragile sustatzaileek: #11SinadurenErronka. Herritarron gehiengoak erabaki gura duela ikustarazteko eta gehiengo hori burujabetzarako bidean inplikatzeko sortu dute erronka berria.
Hori horrela, gutxienez hamaika sinadura lortzeko erronka jarri diete herritarrei, sinadura bilketa masiboa izateko: “Ahalik eta jende gehien bilatu beharko da, neurri handiago edo txikiagoan, sinadura bilatzaile bezala aritzeko. Erreferendumaren aldeko manifestua sinatzen duen pertsona oro beste jende batengana ailegatzeko katebegi izatea nahiko genuke”.
Kanpainaren eskumuturrekoak ere jarri dituzte eskuragarri, kanpainarekiko konpromisoa adierazteko.