Elkartasun bazkariak, presoen senideei laguntzeko
'Elkartasun bazkaria' kanpaina jarri dute martxan, presoen senideei laguntzeko asmoz. Hain zuzen, euskal presoen senideen sostengurako beharrezkoa den dirua batzea da kanpainaren helburua.
Elkartasuna elikatzen jarraitu gura dute herri mugimenduek. Hori horrela, presoen senideei laguntzeko asmoz, Plater bete elkartasun ekimena jarri dute martxan Bizkaian, eta ekimenagaz bat egin dute Busturialdean. Presoei elkartasuna adieraztea eta euren senideei laguntzea da apirilaren 24an Elkartasun bazkariak kanpainagaz lortu gura dutena.
Helburua argia da: euskal presoen senideen sostengurako beharrezkoa den dirua batzea. “Bizitzen ari garen garai txar eta latz hauetan presoen egoerak kezkagarria izaten jarraitzen du, eta haiekiko elkartasuna adieraztea eta helaraztea inoiz baino zailagoa da. Hori horrela, Elkartasun bazkariak kanpaina prestatu dugu”, adierazi dute antolatzaileek.
Hala, modu herrikoian, eurentzako diru sarrera bat lortu gura dute. Izan ere, pandemiaren ondorioz, herrietan ohikoak ziren herri bazkariak bertan behera geratu dira, eta herri ekimen askoren diru iturri nagusiak bat-batean bertan behera geratu dira. “Baina ez gara geldi edo begira geratuko, inola ere”, esan eta dinamika berriak jarri dituzte martxan.
Apirilaren 24ko elkartasun bazkaria “berezia” eta “ezberdina” izango da, pandemia tarteko. “Momentu honetan ezin daiteke herrian elkartasun keinu handirik egin, ezta herri bazkaririk ere. Horregatik, herriz herri apirilaren 24ko bazkaria prestazeko sukalde zentralizatuak antolatu ditugu, gura dutenek bazkaria hartu eta elkartasuna adierazteko”. Herri bazkaria izango da, baina bakoitzak bere etxean bazkaldu beharko du eguneroko bizikideekin.
Busturialdean, Bermeok, Busturiak, Foruak eta Gernika-Lumok bat egin dute kanpainagaz. “Hala ere, badakigu inguruko herrietako biztanleek herri horietako batzuetan eskatuko duela bazkaria”. Erantzuna ona izatea espero dute antolatzaileek: “Orain arte 100 menu baino gehiago eskatu dituzte. Azken egunetan ere jende gehiagok izena ematea espero dugu”.
Izen ematea, eguaztenera arte. Elkartasun bazkaria jasotzeko bazkaria enkargatu beharko da aurretiaz, eta eguaztena [Apirilaren 21] da hori egiteko azken eguna. 15 euroren truke, entsalada, albondigak eta postrea banatuko dituzte.
Eskaerak
Bermeo.
– Eskaera: 639 64 70 83 telefono zenbakira whatsappa bidali beharko da.
– Jasotzeko gunea: Kabidxe, 13:00etatik 15:00etara.
Busturia.
– Eskaera: 636 91 47 13 telefono zenbakira whatsappa bidali beharko da. Telegram bidez ere egin ahalko da eskaria.
– Jasotzeko gunea: Altamirako plaza, 13:00etatik 15:00etara.
Forua.
Eskaera: 649 67 64 51 telefono zenbakira whatsappa bidali beharko da.
Jasotzeko gunea: Haitz biribil, 13:00etatik 15:00etara.
Gernika-Lumo.
Eskaera: gernikezuekaz@gmail.com helbide elektronikora mezua bidali edota Arrano tabernara joan beharko da eskaera egiteko.
Jasotzeko gunea: Harizpe, 13:00etatik 15:00etara.