Artea eta futbola bat eginda
Artea eta Athletic uztartzen ditu Gernika-Lumoko kultur Etxean zabaldu duten 'Lehoiak leihoan' erakusketa berriak. Apirilaren 11ra arte egongo da ikusgai.
Futbola eta artea. Athletic eta memeak. Lehoiak eta leihoak. Horiek guztiak uztartzen ditu Gernika-Lumoko Kultur Etxean dagoen Lehoiak leihoan izeneko erakusketak. Arthletic proiektua da martxan jarri dutena, eta apirilaren 11ra arte egongo da ikusgai. Erakusketaz gain, bertso lehiaketa eta photocalla ere jarri dituzte.
Gaur egun horren famatuak diren memeei ikusgarritasuna ematea bilatu dute Carlos Varela eta Jose Angel Lopetegi obraren egileek. Horretarako, Athletici buruzko memeak artearen historian esanguratsuak diren obrekin uztartu dituzte, obra guzti horien abiapuntua leihoak izanda. “Erakusketa hau Jokin Garatea kultura zinegotziak eta biok orain dela urte batzuk duguk hartu-emanetik sortu zen. Jokinek kontatu zidan, Athletic-eko jarraitzaileen meme mordoa zituela, eta ez genekien horiei ikusgarritasuna zelan eman. Erakusketagaz omenaldia egin nahi diegu klub honen zaleek egiten duten ahaleginari”.
Varela artista da, marrazkia eta animazioa landu izan ditu urte luzez, baina meme horiekin artea eta futbola nahastea erabaki zuen. “Egiaztatu eta frogatu gura izan dugu, kirolak eta arteak badutela batak bestearekiko lotura bat. Eta proba batzuk egiten hasi ginen. Orduan batu zen Lopetegi proiektura”, azaldu du Varelak. Lopetegi lagun du Digipen zentroko irakasle den Varelak, artista modura “lankide mina” izan du hainbat arte abenturatan, batez ere animazioko zineman. Biak batu, eta aurkeztu berri den erakusketa osatzen hasi ziren, betiere artea eta kirola batzeko interesagaz. Varelak koadroak ilustrazio bihurtu zituen, eta Lopetegik umorea landu zuen pertsonaietan: “Erakusketara datorren zaleak ikus dezala bien arteko batasuna dagoela, eta artea eta kirola ez direla kontrako bi jarrera”.
Hori horrela, gaur egun leihoak diren sare sozialetan zeuden memeak batu, eta leihoak dituzten artelanak bildu zituzten, horietan memeak egiteko. 30 obra inguru daude ikusgai Kultur Etxean, baina sortutako marrazkiak gehiago dira. Horiek begiztatzeaz eta ondo pasatzeaz gain, artelan originala ere ikusi ahalko da, autorearen izenagaz batera. “Lehen aldiz kultur etxera etorri eta muntaketa lanetan hasi ginenean ikusi genuen ilustrazioak zuela protagonismoa, baina ilustrazioaz gain, jatorrizko koadroari erreparatzea bilatzen du erakusketak, eta lortu dugula uste dut. Artearen ezagutza hori bultzatzea da, agian, egin dugun lanaren adierazgarria. Benetan erakutsi gura izan dugu batak bestera garamatzala, eta ilustrazio zein artelanen arteko harremana argia eta egokia dela”, adierazi du Varelak.
Hain zuzen, aukeratutako artelan gehienak inpresionistak dira, baina badaude garai modernoetako lanak ere. “Leihoak zituzten artelanak aurkitzen hasi nintzen, eta gehienak inpresionismo garaian aurkitu nituen”, azaldu du artistak. Besteren artean, Gaugin, Matisse, Cezanne edota Vang Goghen lanak aurki daitezke. Euskal artisten artean, Artetaren lana dago ikusgai. Emakume artisten presentzia txikia da, eta hori aldatzearen alde egingo dute: “Hobetu beharreko gauza da. Inpresionismo garaian ez da ohikoa emakume artistak aurkitzea, eta, bestalde, funtsezkoa da euren lanek leihoak izatea”. Film eta seriei ere erreferentzia egiten diete ilustrazioek; Los Simpson edota Terminator bezalako ikus-entzunezkoekin memeak sortu dituztelako.
Ilustrazioetan, Athelticeko lehoiak ageri dira memekin nahastuta. “Pertsonaiei dagokienez, klubeko familia handia osatzen duten kideen azterketa egin genuen. Eta ikusi genuen Athletic gizarte estilo bat erakusten duen familia bat dela. Familia horretan ez dago sexuaren araberako bereizketarik, ez eta arrazaren araberako bereizketarik ere”, jakinarazi dute, eta hori zela pertsonaiekin islatu gura zutena aitortu dute. “Artea gizakiaren emozioak adierazteko modu bat da, eta kirola ere bai. Eta hori Athletic bezalako talde batean islatuta ikusten dugu”.
Bertso lehiaketa. Erakusketaz gain, Gernika-Lumoko Merkatari Elkartuek eta Lilibertsok bertso lehiaketa jarri dute martxan. Martxoaren 29ra bitartean, 3 eta 16 urte bitarteko gazteek – hiru kategoriatan banatuta– bertsoak aurkeztu beharko dituzte. Gaia ‘erakusketa eta Athletic’ izango da, eta bakoitzak neurri eta doinu librean sortu beharko du bertsoa. Bertso horiek kultur etxean zein @green, Bizi poza, Marisol umeen jantzi denda, Gotzone, Mononoke edota Umeak dendetan aurkeztu ahalko dira.
Arduradunek jakinarazi dutenez, bertso sarituak apirilaren 1etik 11ra bitartean ikusgai egongo dira kultur etxean, eta sari banaketa apirilaren 8an egingo dute, 18:00etan, udal liburutegian.
Jokin Garatea kultur zinegotziak erakusketak sortzen dituen balioak “goraipatu” ditu: “Erakusketak sortzen duen balorea goraipatzeko eta bultzatzeko bertso ideak landuko ditugu. Gazteak eta umeak artera gerturatzeko bertso lehiaketa izango da”.