Lekerika eta Narea arteko bidea konpondu dute
Nabarnizko Udalak jakinarazi duenez, Lekerika eta Narea arteko bidearen tarte bat konpondu zuten abenduan.
Udal arduradunek azaldu dutenez, herriko bi auzo horien arteko bidea «ez zegoen egoera onean», hormigoizko zoladuraren azpiko lurra erortzen zegoelako. “Ez zen lur jausirik egon, baina egia da hormigoizko zoladuraren azpiko lurra ez zegoela egoera onean. Hori horrela, lur jausia gertatu aurretik, konpontzea erabaki genuen”, azaldu du Jose Antonio Maruri Nabarnizko alkateak.
Lanok 25 metro inguruko tarteari eragin zioten. Bertan, bidea egonkortzeaz eta hormigoia berritzeagaz batera, bazter-babes bat ere jarri zuten.
Proiektua udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak elkarlanean gauzatu zuten. Lanen aurrekontua 87.256,38 eurokoa zen, eta aldundiak 78.530,74 euroko laguntza eman zion udalari, %90ekoa hain zuzen.