Gernika-Lumok Q ziurtagiria eta turismo seguruaren agiria berritu ditu
Ziurtagiri horiek bermatzen dute Gernika-Lumoko Turismo Bulegoak Espainiako Turismo Kalitaterako Institutuak eska ditzakeen irizpideak betetzen dituela.
Hamaseigarren urtez jarraian, Turismo kalitatezko Q ezaugarria hartu du Gernika-Lumoko turismo bulegoak. Horrez gain, turismo seguruaren agiria ere berritu du.
Espainiako Turismo Kalitaterako Institutuak (ICTE) ematen du Q ziurtagiria, eta hamarretik, 9,4 puntu jaso ditu aurten Gernika-Lumok; iaz 8,82 puntu jaso zituen. Hala, frogatutzat eman da udalerriko turismo bulegoak kalitatea, segurtasuna eta profesionaltasuna bermatzen dituela. Izan ere, aztertzaileek audiorian nabarmendutako punturik sendoena giza baliabideena izan da; langileen lana saritu dute.
Udaleko arduradunek esan dutenaren arabera, Q ziurtagiria turismo erakundeen kalitate maila berariaz egiaztatzeko lehen sistema da. “Ziurtagiriak bermatu egiten du Gernika-Lumok jasotzen dituen bisitariei zein herritarrei kalitazteko zerbitzua ematen zaiela”.
Turismo segurua. Era berean, Gernika-Lumoko turismo bulegoa 2020ko uztailean Safe Tourism Certified zigiluaren ziurtagiria lortu zuen Espainiar Estatuko lehen hamarretako bat izan zen. Ikuskaritzak zigilu hori birgaitu du: “Pandemiak sortutako krisi ekonomikoak gehien kaltetu duen sektoreetako baten aurrean herritarren artean konfinatza sortzen jarraitu gura du ikuskaritzak”.
Titulu horrek bermatzen du turismo bulegoetan COVID-19 birusaren kontra egiteko osasun arriskuen prebentziorako sistema bat ezartzen jarraitzen dela. Ziurtagiria sektore osoarekin adostuta garatu da, patronaletik eta sindikatuetatik hasi eta autonomia erkidegoetara, udaletara eta lan arriskuen prebentziorako elkarteetara. Horrez gain, Osasun Ministerioak ere balioztatu du.
Ziurtagiri horiei Eusko Jaurlaritzak 2016an emandako Kudeaketa Aurreratuaren Diploma gehitu behar zaiela gogoratu du Gernika-Lumoko Udalak. Sari horrek frogatu egiten du erakundeek kudeaketa aurreratua burutzen dutela, eta garatzen jarraitzeko konpromisoa daukatela.