Biztanleria atzerritarraren kopurua mantendu egin da Busturialdean
Mankomunitatea osatzen duten hemeretzi udalerriak kontuan hartuta, 11 atzerritar gehiago besterik ez daude aurreko urtearekin alderatuta. Guztira, beste herrialde batzuetako 2.474 pertsona daude erroldatuta.
Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak jakitera eman duenez, mankomunitatea osatzen duten hemeretzi udalerriak kontuan hartuta, atzerritik heldutako biztanleen kopurua mantendu egin da azken urtean. Iazko datuekin alderatuta, 11 atzerritar gehiago besterik ez daude.
Jakinarazi dutenez, beste herrialde batzuetako 2.474 pertsona daude erroldatuta gaur gaurkoz; alegia, biztanleria osoaren %8,3. Espainiako nazionalitatea jaso duten atzerritarrak kontuan hartuz gero, ehuneko hori handiagoa dela zehaztu du mankomunitateak: %9,3; aipatu ehunekoa Araba, Bizkai eta Gipuzkoan dagoena baino baxuagoa da, %10ekoa baita azken horretan.
Mankomunitateko arduradunek azaldu legez, kontuan hartu beharrekoa da “gero eta etorkin gehiagok” jasotzen dutela espainiar nazionalitatea, batez ere, Hego Amerikatik iritsitakoek. “Modu horretan, nahiz eta eskualdean bizi, erroldetan ez dira atzerritar modura agertzen”. 2013. urtetik, 275 lagunek jaso dute espainiar nazionalitatea; 2020an, esaterako, 41 atzerritarrek jaso zuten.
Mankomunitateak biltzen dituen hemeretzi udalerrietan bizi diren atzerritarren artean, Europako Batasunetik kanpoko herrialdeetatik etorritakoen eta Europako Batasunetik etorritakoen kopurua ia berdina da; 1.238 eta 1.236 lagun, hurrenez hurren. Europar Batasunetik etorritako 1.236 biztanleetatik %89 errumaniarrak dira; 1.103 dira gaur egun, baina 1.153 ziren iaz. Errumaniarrez gain, nazionalitaterik ugarienak marokoarra (141), nikaraguatarra (107), argentinarra (93) eta brasildarra (90) dira.
Hala ere, nabarmentzekoa da azken urtean Argentinatik, Marokotik edota Nikaraguatik etorritako pertsonen hazkundea; hain zuzen, 20 pertsona dira Argentinatik etorritakoak, 19 Marokotik eta 17 Nikaraguatik.