Urte luzez egindako lanari, aitorpena
Ajangizko herriko tabernan 27 urte eta erdiz aritu da lanean Karmelo Crespo. Ajangiztar guztiak asko ditu, eta urte luze horietan egindako lana eskertzeko, "ezustekoza emanda", omenaldia egin zioten herriko bizilagunek.
Ajagiztarrentzako leku esanguratsu bezain garrantzitsua da herriko taberna, herritarrak elkartzeko tokia. Funtzio sozial handia duen lekua dela dio Koldo Carbonell alkateak, bertan batzen dira eta, herriko zein inguruetako bizilagunak: “Herri zabala da Ajangiz, eta herriko tabernak herriko bizilagun guztiak biltzen ditu. Domeketan mezatara etortzen direnak bertan elkartzen dira, bai eta herriko zein inguruetako herrietako bizilagun asko ere”.
Herriko zein inguruetako bizilagun horien hartu-emanak zuzen-zuzenean ezagutu ditu Karmelo Crespok. 1993an herriko taberna eramatearen ardura hartu zuenetik, gelditu barik ibili da aurtengo urtarrilera arte. 27 urte eta erdiz bere etxe izan denari agur esan dio, jubilatzea erabaki baitu.
1993an hartu zuen taberna kudeatzearen ardura Crespok, eta aitortu du hasieran ez zuela pentsatzen horrenbeste denbora egingo zuenik bertan: “93an udalak ateratako konkurtsora aurkeztu nintzen, eta tabernaren kudeaketaren ardura eman zidaten hurrengo bost urteetarako. Urte horiek pasatuta, berriro aurkeztu nintzen, eta hala izan da azkenera arte. Hasierako garai haietan beste batzuk ere aurkezten ziren, baina azken urteetan ez. Ez nuen espero horrenbeste denbora egoterik bertan. Izan ere, tabernaren kudeaketa beste norbaiti egokitu ahal zioten, baina zortea izan nuen eta nik jarraitu nuen bertan”.
Sasoi on eta txarrak bizi izan ditu taberna barrutik; gehienak, baina, esperientzia politak izan dira. “Rifi-rafeak beti gertatzen dira, eta gehiago tabernetan. Baina jende bikaina ezagutu dut, eta momentu onekin geratzen naiz”, azaldu du tabernariak.
Herriko ekitaldi asko bizi izan ditu zuzen-zuzenean. Mendietako plazak herriko ekintza eta gertaera asko jaso ditu, eta bertan egon da Crespo. Bizitako esperientziak asko eta asko izan diren arren, herritarrekin eraikitako hartu-emanak nabarmendu ditu: “Batzuk txikiak zirela ezagutu nituen, eta hazten ikusi ditut. Beste asko joan egin dira. Denetarik ikusi dut”. Batez ere, Mendietako bizilagunekin izan du harremanik handiena, bertan dago eta taberna. Hala ere, asko dira herriko beste parte askotatik bertara joaten direnak.
Eta hartu-eman horiekin geratzen da Crespo. Eguneko menuak prestatzen sukaldean denbora asko egiten bazuen ere, denak ezagutzen zituen, eta tabernako giroa bikaina izaten zen. “Herrikoak, langileak, margolariak… ofizio guztietakoak etortzen ziren, eta beti izan dut harremana guztiekin, baita kanpoko jendeagaz ere”, azaldu du.
Herriaren eraldaketa ere bizi izan du. Busturian bizi den arren, 27 urtez ia egunero egon da Ajangizen, eta herriaren aldaketak bertatik bertara ikusi ditu: “Lanean hasi nintzenean baserriak ziren inguruan zeudenak, eta gero etxeak egin zituzten bertan. Etxe berrietara jende asko etorri da, gazte zein nagusiak, oso zintzoak denak. Jende gehiago bizi da inguruan, eta hori ere nabaritu genuen tabernan”.
Agur ekitaldia. Asko dira herriko tabernatik pasatu diren ume, gazte zein helduak. Goiz, arratsalde zein gauak bertan igaro dituztenak. Momentu horiek eskartzeko, agur ekitaldia egin zioten Crespori, harek ezer jakin barik. “Azken egunean, bat-batean, ume guztiak atera ziren ‘eskerrik asko Karmelo’ jartzen zuen pankarta bategaz, eta gero txapela bat jarri zidaten. Oso polita izan zen. Gainera, aurreskua egin zidaten gero. Ez nuen espero horrelakorik. Gauzak ateratzen ibili nintzen eta ezusteko ederra izan zen, itzela. Ondo pasatu genuen”.
Ondo pasatu du eta jendeagaz harreman “bikainak” izan ditu, “pozik” bukatu du, eta hori txalotu diote ajangiztarrek.