"Erantzukizuna publikoa izan arren, zerbitzu gehienak pribatizatuta daude"
Busturialdeko zerbitzu sozialetako langileek salatu dute gizarte zerbitzuen sisteman zerbitzu gehienak "pribatizatuta" daudela. Martxoaren 4an greba egiteko arrazoiak daudela aldarrikatu dute.
Zaintza lan “publikoak” eskatzeko greba eguna deitu dute sindikatuek martxoaren 4rako, eta greba egiteko arrazoiak daudela aldarrikatu du gaur LAB sindikatukoek Gernika-Lumon. Bertan izan dira Busturialdeko zerbitzu sozialetalo langileak, eta gizarte zerbitzuen sistemako zerbitzu gehienak “pribatizatuta” daudela salatu dute. Hala, martxoaren 4an greba egitera deitu dute, “zerbitzu publikoak eskatzeko”.
“Gaur egungo gizarte zerbitzuen erantzukizuna publikoa izan arren, zerbitzu gehienak pribatizatuta edo azpikontratatuta daude, enpresen onura ekonomikoak onura asistentzialei gailentzen zaizkielarik”, adierazi dute langileek. Egoera horrek “zerbitzu eskasak” eskaintzea eta zaintza duina “ezin bermatu” ahal izatea dakarrela diote: “Egoiliarrei kalitatezko arreta bermatzen ez dien zerbitzu eredua daukagu”.
Lan erritmo biziak eta lan karga “onartezinak” dituztela salatu dute langileek, “behargin nahikorik ez dagoelako”. Eta arrisku “psikosozialen eta ergonomikoen eraginpean” daudela ere gaineratu dute gaurko elkarretaratzean. “Txanda amaigabeak, soldata lotsagarriak eta langileen osasuna larriki kaltetzen duen lan erritmoa dauzkagu”.
Horren aurrean, gizarte zerbitzuak publiko egitea “beharrezkoa” dela diote, behar duten pertsona guztiei “kalitateko zerbitzua” bermatzeko. “Horretarako, zuzeneko kudeaketarako sistema publiko unibertsal, doako eta komunitario bat eskatu behar da, kalitatezko zerbitzuaren eta emandako funtzioari egokitutako lan baldintzen bermatzaile gisa, prekarietate faktorerik barik”, aldarrikatu dute.