Ajangizko herriko taberna egokitzen hasi dira
Otsailaren 8an hasi zituzten lanok, eta lau hilabeteko epean amaituta izatea aurreikusi dute udal agintariek. Obra "nahiko handia" da, eta 200.000 euroko kostua dauka.
Herriko taberna berritzeko obrak hasi ditu Ajangizko Udalak. Otsailaren 8an hasi zituzten lanok, eta lau hilabeteko epean amaituta izatea aurreikusi dute udal agintariek: “Maiatzaren amaierarako amaituta egotea espero dugu, baina COVIDak asko baldintzatzen du egoera. Izan ere, ezin dute lau langilek baino gehiagok aldi berean lan egin”. Udarako taberna martxan edukitzea da asmoa.
Herriko tabernako arduraduna zen Karmelo Crespo urtarrilean jubilatu eta gero, hutsik geratu zen herriko taberna. Hori horrela, orain, udal agintariek hobekuntza lanak egin gura dituzte bertan, gero taberna lizitaziora ateratzeko. Horrela azaldu du Koldo Carbonell herriko alkateak: “Obraren helburu nagusia da taberna lizitaziora ateratzeko baldintza egokietan jartzea. Izan ere, orain ez ditu gaur egungo osasun eta segurtasun baldintza egokiak betetzen, eta horiek betetzea da asmoa”.
Obra “nahiko handia” dela dio, eta 200.000 euroko kostua duela zehaztu du alkateak. Lanok eraikinaren kanpoaldean eta barruan egingo badira ere, barruko aldea egokitzea eta konpontzea dela obraren zatirik handiena eta lan gehien behar duena azpimarratu du Carbonellek. Izan ere, besteren artean, elbarrientzako komun berriak jarriko dituzte, baita berogailua eta aire egokitua ere.
Bigarren solairuan dagoen sukaldea ere guztiz aldatuko dute. “Osakidetzako arduradunak etorri ziren eta dena moldatu behar dugula esan ziguten”. Beheko solairuan, gainera, momentuan bokadiloak prestatzeko plantxa jarriko dute. Horrez gainera, goiko eta beheko solairua konektatuko dituen karga jasogailua ere eraikiko dutela azaldu du alkateak.
Tabernaren kanpoaldean ere lanen batzuk egingo dira. Besteren artean, sarrera-irteerak konponduko dituzte, eta kanpoaldea lixatuko dute.