Zubi-harresiak gainditzeko beharraren alde egin dute feministek
Mugen eta migrazio politiken aurkako adierazpena egin dute Gernikako Sare Feministako emakumeek. Zubi-harresiak eraisteko zapiekin inguratu dute Errenteriako zubia. Emakumeen Mundu Martxak antolatutako ekintzaren parte izan da udalerriko ekitaldia.
Emakumeen etorkizuna irudikatzen, ehuntzen, borobiltzen… darraite Gernika-Lumoko Sare Feministako kideek, eta mugen eta migrazio politiken aurkako adierazpen artistiko eta politikoa egin dute gaur Gernika-Lumoko Errenteriko zubian.
Mugimendu feministak beti izan du zapalduenen borrokaz baliatzeko gaitasuna, baita bere praktika zalantzan jartzeko ahalmena ere. Horregatik, azken jardunaldi feministetan arrazializatu eta migratutako emakumeek luzatutako eskuari eutsiz, aurtengo martxoaren 8a zubiak gainditzera bideratu du Bilgune feministak. “Zubiek ez dute esanahi bera pertsona migratzaile guztientzat; izan ere, inoiz jendea konektatzeko baliagarriak izan ziren zubiak harresi bilakatu dira, eta ez dute pertsonen joan-etorria ahalbidetzen. Gune horietan pertsonak diskriminatu, zapaldu, baztertu eta hil ere egiten dituzte”, azaldu dute Gernikako Sare Feministakoek.
Beraz, zubi-harresi horiek modu kolektibo eta indibidualean “eraisteko, deseraikiteko eta esanahi berri batez janzteko” ordua dela aintzat hartuta, Gernika eta inguruko emakumeek Emakumeen Mundu Martxaren V. Ekintzan parte hartu eta zubiak janzteko zapiak egin dituzte. Zubi-harresietan arrakalak sortu gura dituzte zapiekin, zubi-harresiak “kapitalismoaren, kolonilismoaren, arrazakeriaren eta heteropatriarkatuaren adierazleak direlako”.
Hala, arrazakeriaren auzian arrakalak sortuko dituen ekintza bat idatzi dute zapi handi batean. Horrez gainera, norbanako bezala bakoitzak hartu duten zapi txikiak batu dituzte Errenteriako zubiaren inguruan, zapi guztiekin sare bat osatuz. Sarea Errenteriako zubiaren inguruan dute, eta emakumeak zubiaren alde batean eta bestean jarri dira; kanpotik etorritako emakumeak islatuz batean eta bertan jaiotakoak bestean. Arrazakeriagaz amaitzeko duten konpromisoari eutsiz, bi aldeak batu eta aniztasunaren beharra irudikatu dute.
Ekintza hori, Emakumeen Mundu Martxaren V. Ekintzaren baitan egin dute. Izan ere, zapi aldarrikatzaileak egiteko deia egin zuen Emakumeen Mundu Martxak, eta Euskal Herriko 27 eskualdek baino gehiagok erantzun diote deiari. Otsailaren 20an hasi ziren zapiak batzen, eta gaur Gernikan batu dituzte. Ibilbidea Irun eta Hendaia arteko mugan amaituko da martxoaren 6an egingo den ekintza batean. Bertara eramango dituzte herri eta kolektiboen aldarrikapenez betetako zapiak, eta ikusgai jarriko dituzte.
Emakume migratu eta arrazializatuen kolektiboez osatutako alternatiba feministen azoka ere egingo dute bertan, baita mugen eta transnazionalen aurkako adierazpen artistiko eta politiko feminista ere.
Ekintzaren garrantzia. Gaurko ekintza arrazakeria ikusarazi eta salatzeko egin dute. Modu antolatuan lanean ari diren emakume migratzaileen aktibismoa “goraipatu” gura izan dute horrela: “Eman haiei dagozkien espazioak! Entzun haien errebindikazioak! Zabaldu haien salaketak! Gonbita itzazu zure ekintzetara! Ezagutu itzazu!”. Hori horrela, pertsona migratzaileei entzun gura diete, haiek isilarazi eta biktimizatu barik.
Prozesu hau, baina, ez dutela utilitarismorako erabiliko esan dute: “Ez duzu emakume migratzaile eta arrazializatu bat erabili behar zure feminismoa askotarikoa eta intersekzionala dela erakusteko”. Ez direla pertsona migratzaileen ahotsen eta diskurtsoen “jabe” egingo ere azaldu dute.
“Ikusezina” den arrazakeriarekin behin eta berriz topo egiteak dakarren minetik idatzi zuen Pozzobok iaz. Haren berbak horrela kontatu dituzte sare feministakoek: “Arrazakeria, esaten zuen, Euskal Herriko errealitate bat da, instituzioetan ageri dena, osasuntik integrazio planen erretorikaraino”. Floraren iritziz, Euskal Herria ez da herrialde erraza “espero den bezalako” emakume euskaldun bat ez denarentzat, toki gutxi baitago aniztasunerako. Hori horrela, errealitate hori aintzat hartu behar dela adierazi dute sare feministakoek.