Langileen "erailketen erruduna" burgesia dela salatuko dute
Gernika-Lumon elkarretaratzea egingo dute zapatuan, 19:00etan, Merkurion. Martxoaren 3an, berriz, mahai-ingurua egingo dute Bilbon.
Martxoaren 3a gogoratuta, “langileen erailketen errudun zuzena burgesia” dela salatuko dute Askatasun Haizea herri ekimenak, Bultza herri ekimenak eta Jardun koordinadorak Gernika-Lumon; elkarretaratzean bilduko dira zapatuan, 19:00etan, Merkurion. Martxoaren 3an, berriz, Euskal Herri langilea Independentzia eta Sozialismoaren bidean izeneko mahai-ingurua egingo dute Bilbon, 19:00etan, Karmelan.
Martxoaren 3ko hilketak gogoratu eta horiek, diotenez, ez dira kasu isolatuak: “Historikoki polizia botere hegemonikoaren zapalkuntza tresna bat da, gaur egun kapitalak duen biolentziaren adierazle nabarmenetarikoa”. Izan ere, espainiar eta frantziar burgesiaren asmoa nazio izaera eta klase kotzientzia “deuseztatzea” dela uste dute, “polizia erabiliz”. Hori lortzeko, martxoaren 3an “bortizkeria justifikazina” gauzatu zutela diote: “Beraz, esan dezakegu martxoaren 3ko gertakariek garrantzi historiko eta politiko ikaragarria dutela euskal langile klasearen zapalkuntza bortitz eta krudela irudikatzeko orduan; baita ere poliziak duen moral gabeko eta kapitalaren mesedetarako den izaera errepresiboa argi uzteko”.
Hala ere, esan dute polizia ez dela euskal langileak “erailtzen” dituen instituzio bakarra. “Langileen erailketak egitura arazo bategatik ere ematen dira, horren adibide dira lan istripuak. Milaka dira 1976. urtetik gaur arte lanean hil diren langileak, heriotza horiek lan baldintza prekarioek eta segurtasun neurrien gabeziak eragiten dituzte. Beraz, burgesiaren ustiapenak eragindako erailketak bezala baino ezin daitezke ulertu”, azaldu dute. Eta, 2020an, Euskal Herrian 70 pertsona baino gehiago “erailak” izan direla diote, “lan baldintza prekario edo segurtasun neurri gabeziagatik”.
Diotenez, koronabirusaren krisaren bitartez enpresa txikiek ezin izan duteenpresa handien aurka lehiatu. Ondorioz, enpresa horiek enpresa handiagoek xurgatu dituzte, eta horrek langileen prekarizazioa bultzatu duela uste dute. “Hego Euskal Herrian, 88.200 pertsona inguru daude langabezian inolako laguntzarik jaso barik”.
Horren “errudun zuzena burgesia” dela uste dute. “Sistema kapitalista urrun dago gizartean elkartasuna sortzetik. Izan ere, joera indibidualista eta kontsumistak bultzatzea dago bere interesetan. Ondorioz, ez da inoiz euskal langile klasearen mesedetara mugituko”.