Gazteak "kriminalizatzeari" uzteko eskatuko dute barikuan
Ernaik deituta, mobilizazioa eta prentsaurreko erraldoia egingo dute barikuan, Gernika-Lumon. 20:00etan Merkurion jarri dute hitzordua.
Zapatuan, Gernika-Lumon, ertzainak auditoriora gerturatu ziren bertan zeuden taldeak desegiteko, baina “gazteen aurka kargatu” zutela salatu zuten gazteek. Barikuan, zapatuko gertakariak salatzeko mobilizazioa eta prentsaurreko erraldoia deitu ditu Ernaik. 20:00etan Merkuriotik abiatuko da mobilizazioa, eta prentsaurrekoa auditorioan egingo dute gero.
“Ertzaintzaren jarrera oldarkorra izan zen, indar erakustaldi lotsagarria. Birusaren hedapena gelditzeko aitzakipean pilotakadak botaz eta zuzenean bertan zegoen jendeari jotzeko asmoz agertu ziren ertzainak, inongo abisu edo neurri barik”, azaldu dute Ernaiko kideek. Erantzun hori gazteriaren “kriminalizazio eta seinalaketa” modura ulertu dute Ernaikoek, eta birusaren “kudeaketa eskasa estaltzeko modua” dela salatu dute. “Komunikabideek edo alkatearen berbek ildo berari jarraitzen diote. Erabilgarria da eurentzat gezurrez beteriko kontuez betetzea albistegiak. Egoeraren ardura guzia besteei egotzi diete, norberarenak onartu barik”.
Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkateak, gertatutakoaren irakurketa egin zuen, eta “txostenek ziotenez”, gertatutakoa “antolatutako ekintza” zela esan zuen, “herrian ezegonkortasuna eta nahasmena eragiteko”. Horren aurrean, Ernaikoek diote, dagoen estrategia bakarra aipatutako “gazteen kriminalizazioaren eta seinalaketarena” direla. “Estrategia horren barruan, oso posiblea da, Gernikan edo beste herri batean antzerako egoerak errepikatzea”.
5 ikertu. Ernaik jakinarazi duenez, zaurituez gain, 5 gazte ikertzen ari da Ertzaintza. Hori “disziplinizazio” nahia dela diote: “Datorkigun krisi ekonomikoaren aurrean, aurkako erantzunak sihestu gura dituzte, beldurra eta inpotentzia zabalduz. Inoiz argi egon ez bada, orain argiago ikus daiteke inpunitate osoz jokatzen duen poliziak zer funtzio duen sistema kapitalistan: status quoaren indarkeriaren eta beldurraren bidezko defentsa”.
Jardun koordinadoreak ere, “irmoki” salatu du Ertzaintzak eta Udaltzaigoak “gazteen kriminalizazioan” jokatu duten papera, “modu guztiz errepresiboan eta COVID-19aren krisialdiaren aitzakipean”. “Gertakariak nazka baino ez digu sentiarazten. Inongo mehatxurik gauzatu gabe geunden gazteon kontra tiroz eta bortizkeriaz oldartu ziren, zauritu ugari eraginez”, azaldu dute.
Halaber, elkartasuna adierazi diete zauritutako gazteei eta poliziaren aaurrean “tinko” mantendu ziren gazteei ere, “beraien eskubideak defendatzearren eta poliziari aurre egitearren”. Gainera, euren prestutasuna agertu dute gertaera horien aurrean antolatu daitezkeen ekimenetan parte hartzeko: “Ez da garaia etekin politikoa ateratzeko geratera hauetatik, herri defentsa izan behar da lehentasuna”.