Edukiontzi marroiko giltza udaletxean eskatu ahalko da Gernika-Lumon
Edukiontzi marroiak hondakin organiko guztiak hartuko ditu martxoaren 1etik aurrera. Hala, Gernika-Lumon birziklatu gura duenak edukiontzi marroiko giltza eskatu beharko du udaletxean.
Martxoaren 1etik aurrera, edukiontzi marroiak hondakin organiko guztiak hartuko ditu. Dagoeneko jasotzen zirenez gain, haragi eta arrain hondakinak ere bota ahalko dituzte Bizkaiko bizilagun guztiek.
Horretarako, Gernika-Lumon, beharrezkoa da udalerrian instalatutako edukiontzi marroiak irekitzeko giltza udaletxean eskatzea, eta alta ematea. Dagoenerako 566 familiak bereziten dituzte hondakin organikoak udalerrian, eta udalak uste du neurri berriarekin familia gehiago animatu daitezkeela.
“Neurri horrekin, Gernika-Lumoko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak hondakin organikoen gaikako bilketaren bolumena handitu nahi dute, eta, horrekin batera, Berriatuan, Getxon eta Igorren jarriko diren eskualdeko konpostaje-planta berriak jarriko dituzte martxan”, azaldu dute udal arduradunek.
Edukiontzi marroia. Haragi eta arrain hondarrak, gordinak eta kozinatuak, hezurrak, hestebetak, arrautzak, oskolak eta gazta sartu ahalko dira edukiontzi marroiean, baita bertan orain arte bildu izan diren landare jatorria duten hondakinak ere.
Honako hauek jaurti ahalko dira: animalia jatorriko hondakin kozinatuak edo gordinak; landare jatorriko hondakin kozinatuak edo gordinak; lore eta landareen hondakinak; kafe hondakinak eta iragaziak; infusio-poltsatxoak; ogien, gaileten eta opilen hondakinak; fruitu lehorrak eta horien oskolak; fruta-hezurrak; eta kortxo naturaleko tapoiak.
Edukiontzi horretara sukaldeko papera, paperezko ezpainzapiak eta mahai zapiak, kartoizko arrautzak eta kartoi uhindu zikina ere jaurti ahal izango dira, guztiak materia organikoz bustiak. Brotxeta edo bestelako janarietarako zotzak, izozki-makilan eta antzekoak ere bota ahalko dira, txikoria, algak, alpistea, gozokiak, zerealak, irina eta mermeladagaz batera. Konpostagarriak diren poltsak, ontziak eta lanabesak ere jasoko ditu edukiontzi marroiak.
Hurrengoak dira jaurti ezin daitezkeenak: erretzeko hautsak, hautsontzien zigarrokinak eta hondarrak, errautsak, animalien gorotzak, katuen hondarra, loreontzien lurra eta zohikatza, olioa edo beste edozein likido, pixoihalak, konpresa eta tanpoiak, eskuoihal hezeak, tiritak, esparatrapuak, bendak, kotoia, paperezko ezpainzapiak eta mahai-zapiak, garbi dauden kartoizko eta uhin-kartoizko arrautzak, eranskailuak eta beste elementu itsasgarri batzuk.